Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Etxebizitzaren auzian konponbideak eskatzeko manifestazioa deitu dute Baionan azaroaren 20rako
Bost alderdik, beste horrenbeste sindikatuk eta 20 elkartek egin dute bat "Euskal Herrian bizi, eta etxebizitza ukan. Espekulazioari ez!" leloa duen mobilizazioarekin.
EITB MEDIA
Pandemia abiatu zenetik, lehenagotik korapilatuta zegoen etxebizitzaren arazoa larriagoa dela salatzeko eta konponbideak eskatzeko manifestazioa deitu dute Ipar Euskal Herriko 30 gizarte eragilek azaroaren 20rako Baionan (Lapurdi).
Mobilizazioa gaur aurkeztu dute, eta antolatzaileen artean daude bost alderdi politiko (tartean, EH Bai edo EELV), beste horrenbeste sindikatu (ELB, LAB edo CGT, besteak beste) eta 20 elkarte inguru (Bizi elkartea, Gazte Ekintza edota Alda). "Euskal Herrian bizi, eta etxebizitza ukan. Espekulazioari ez!" lelopean egingo dute martxa, Lapurdiko hiriburuko kaleetatik.
Deitzaileek politikariei galdegin diete krisi horri lehentasuna emateko eta agenda politikoan sartzeko. Gabriela Arrastoy antolatzaileak Euskadi Irratiari esan dionez, "jendeak gero eta gehiago eskatzen du etxebizitza duin bat (...) Egoera hori, ez badugu deus egiten, gero eta larriagoa bilakatuko da. Beraz, ahal bezain fite, lehenik mobilizatu eta gero neurriak hartu beharko ditugu egoera horri aurre egiteko".