Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Hiriburuko Aturri kolegioa lau orduz itxi dute, "norbait legez kanpo sartu" delakoan
Ikasleak "onik" egon dira ikastetxe barruan. "Badaezpada" inguruan aparkatuta zeuden bi auto zartarazi dituzte, eta 15:00ak aldera, operazioa bukatutzat eman du Jendarmeriak, bilatzen zituzten bi pertsonak aurkitu gabe.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Jendarmeriak Hiriburuko (Lapurdi) Aturri kolegioa perimetralki itxi du lau orduz "legez kanpo norbait sartu" delakoan, baina ez dute inor topatu. Ikasleak eraikinaren barruan egon dira tarte guztian, "onik", Pirinio Atlantikoetako Prefekturak jakinarazi duenez.
11:00ak baino apur bat lehenago piztu da alerta, eta Jendarmeriak segurtasun plana (PPMS delakoa) jarri du martxan. 15:00ak aldera, alerta bertan behera geratu dela iragarri du Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefetak.
Jendarmeak eta Armadako soldaduak bertaratu dira operazioan parte hartzeko. Ikastetxea goitik behera miatu dute, "zailtasunik gabe". Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefetaren arabera, bi pertsonaren bila aritu dira, baina ez dituzte topatu. Ikerketak zabalik dirau.
Ikasleak, 700 bat, "onik" egon dira ikastetxe barruan, zegokien ikasgelan, maisu-maistrekin batera.
Prefekturak telefono zenbakia jarri du (05 59 82 22 01) ikasleen familiei informazioa emateko, eta eskatu die eremura ez hurbiltzeko. Senitartekoak Baionako Ikea dendaren aparkalekuan bildu dira, gertakariak bertatik bertara ezagutzeko.
13:15 aldera, militar bat hurbildu zaie eta "lasai" egoteko esan die senitartekoei: "Zuon haurrak ez daude arriskuan".
Handik gutxira, Prefekturak jakinarazi du "badaezpadako bi leherketa" egin dituztela susmagarriak ziren eta kolegio inguruan aparkatuta zeuden bi autoren harira. Ez da inor zauritu. Suprefetaren hitzetan, ibilgailuen jabeak nortzuk diren egiaztatu nahian dabiltza.