Gizartea -

Jokoaren Euskal Behatokia

Jokoarekin arazoak dituzte gero eta gazte gehiagok online modalitateen ondorioz

Jokoaren Euskal Behatokiak argitaratutako 'Jokalarien prebalentzia, ohiturak eta profilak Euskadin 2020' txostenak erakusten du, EAEko hamar heldutik zazpik gutxienez behin jokatu duela azken urtean eta ehunetik bik arazoak izan dituzte jokoarekin.

Gazte bat ordenagailu aurrean.
Gazte bat ordenagailu aurrean.
Gazte bat ordenagailu aurrean.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokoarekin arazoak dituzten gazteen ehunekoa haziz doa urteekin, batez ere, jokorako eta apusturako online modalitateen ondorioz. Gainera, EAEKo hamar heldutik zazpik gutxienez behin jokatu edo apustu egin du azken urtean; ehun jokalaritik bik jokoarekin lotutako arazoak dituzte edo izan dituzte. 

Jokoaren Euskal Behatokiak argitaratutako Jokalarien prebalentzia, ohiturak eta profilak Euskadin 2020 txostenetik ateratako datu batzuk dira. EAEko 18 urtez gorako 1200 lagunei 2020ko iraila eta abendua bitartean etxean egindako inkestak erabili dituzte txosten hori osatzeko. 

Datuek erakusten dute, jokoa zeharo hedatua eta sustraituta dagoela herri kulturan, nahiz eta, kasurik gehienetan, inongo arazorik sortzen ez duen denbora-pasa ludikoa baino ez den. 

Hala, jokalarien % 95,1ek astean ordubete baino gutxiago eskaintzen dio jokoari; aldiz, % 4,9k astean ordu bat eta hiru ordu artean pasatzen ditu jokoan. % 95,2k hilean 50 euro baino gutxiago gasatzaten dituzte, eta zifra baxuago baina esanguratsu batek, jokalarien % 4,8k, 50 eurotik gora gastatzen dituzte hilean. 

Jokorako motibazio iturri nagusia da dirua irabazteko aukeraren (%65,8). Tradizioz jokatzen dute & 18,6k eta %12,5ek ongi pasatzeko baino ez dute egiten. 

Gazteengan arreta berezia jartzeko gomendioa egin du Behatokiak; izan ere, herritarren bataz bestetik oso gora daude gazteen artean jokoa eta haren ondoriozko arazoak. Arrazoia da, dirudienez, gazteek joera handiagoa dutela mendekotasuna sortzeko gaitasun gehiago erakutsi duten modalitateetan aritzeko. 

EAEko gazteen % 23,3k astean ordubete baino gehiago ematen du jokoan (% 4,9koa da herritarren batez bestekoa). Gainera, 18 eta 24 urteko gazteen % 3,3k hilean 100 euro baino gehiago gastatzen ditu, (herritarren % 0,9k batez beste); are, kopuru hori gastatzen dutenen artean inork ez du uste diru askotxo, asko edo gehiegi gastatzen duenik jokoan.  

Horregatik guztiagatik ohartarazi dute, joerak aldatzen ez badira, urte eta hamarkadek aurrera egin ahala, EAEn jokoarekin arazoak izango dituzten herritar kopuruak gora egiten jarraituko duela. 

Jokalarien profila

Datuek diote pertsona gehienek denbora-pasa gisa hartzen dutela jokoan egitea. Txanponaren ifrentzuan, ordea, bada datu ilunagorik: 2020an 4.480 lagun gaixo zeuden jokoaren erruz, beste 2.195 laguni arazoak ekarri zizkien eta 11.715 arazoren bat izateko arriskuan zeuden. Horiek dira Jokoaren Euskal Behatokiak egin dituen kalkuluak.  

Jokalariaren soslaia zein den argitzeko helburuz, aztertu dute sexua, egoera ekonomikoa edo joko-mota bezalako faktoreek zer nolako eragina duten jokoarekin arazoak sortzeko orduan. 

Jokoaren arazoak dituzten pertsonen % 85,5ek dute arazo bera duen senideren bat. Horregatik, adituek garbi diote, arazoa 'oinordetzan' hartzen dela eta hori kontuan izatea ezinbesteko dela eskuhartzeari begira. 

Jokalarien sexuari dagokionez, gizonek emakumeek baino modu nabarmenagoan jokatzen dute; denbora gehiago pasatzen dute jokoan, diru gehiago gastatzen dute eta joko gehiagotara jokatzen. Gainera, lehenago hasten dira jokoan; % 35,8 adin txikiko zirenean hasi ziren, hain justu, jokoan. Horren atzean generoaren estruktura historikoa dagoela uste dute adituek: emakumeen aldean errazago izan dute eskura dirua, bai ate haren gaineko kontrola ere, eta gizonen generoari lotutako jarrerek ere laguntzen dute, arriskuaren, adrenalinaren eta emozioaren bilaketa, besteak beste.

Jokalarien egoera ekonomikoak ere eragin nabarmena du jokoak sortutako arazoekin: zenbat eta kaxkarragoa egoera ekonomikoa, are eta arrisku gehiago arazoak izateko. Dirua irabazteko itxaropenak eramaten ditu pertsona hauek jokora, jendeak normalean gastatzen duena baino gehiago gastatzen dute eta modu konpultsiboan jokatzen; eta, hor sortzen da zurrunbiloa, hasieran zituztenak baino arazo ekonomiko handiagoak eragiten baitizkie jokoak. 

Bestalde, datuek erakusten dute joko modalitate batzuek arazo gehiago sortzen dituztela beste batzuek baino. Adibiderik garbiena online-pokerrarena da. Jokalarien % 0,1 baino ez da aritzen joko honetan, baina jokatzen dutenen erdiek (% 50) joko arazoak izan dituzte. Beste aldean daude Espainiako Loteria eta Primitiboa; jokalarien % 40 inguruk jokatzen dute horietan, baina % 2ak baino ez du zan joko-arazorik horien ondorioz. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak