Gizartea -

Erupzioa

138 lurrikara baino gehiago izan dira La Palman azken 24 orduotan, 4,6ko indarrekoa handiena

Laba botatzen jarraitzen du sumendiak, eta kolada zaharren gainetik doaz berriak. Irailaren 19tik, 908 hektarea harrapatu ditu labak.

Palmako sumendia bere baitara erori da. EFE
Palmako sumendia bere baitara erori da.
La Palmako sumendiaren barneko konoa behera etorri da

0:49

Agentziak | Eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurzoruak zeharo aktibo jarraitzen du Cumbre Viejako natura parkearen hegoaldean. Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) 138 lurrikara zenbatu ditu azken 24 orduetan La Palman, eta horietatik 21 sentitu dituzte herritarrek. Handiena, 4,6 gradukoa, 07:00ak aldera izan da, 38 kilometroko sakoneran izan du epizentroa, eta IV-V intentsitate maximora iritsi da.

Irailaren 19an hasi zen erupzioak 908,2 hektarea harrapatu ditu, Copernicus sateliteak gaur goizean hartutako datuen arabera (1,9 hektarea gehiago azken 24 orduetan).

Hala ere, atzotik hona ez da eraikin gehiago kaltetu, baina 2.162 dira, gaurdaino, sumendiak eta labak kaltetutako eraikinak.

Espainiako Segurtasun Departamenduaren azken txostenak jasotzen duenez, azken 24 orduetan, laba jario berriek aurretik zeuden isurketen gainetik igarotzen jarraitzen dute, horien altuera handituz eta haien artean geratutako hutsuneak betez.

Lurzoruaren goratzea gutxitzen hasi da

La Palmako estazio iraunkorren sare geodesikoak azken orduetan atzeman duenez, sumendiaren erupzio-guneetatik gertuen dagoen neurketa-puntuan erregistratutako lurraren goratzea eta hegoaldeko deformazioa iraunkortzen ari dira.

Espainiako Institutu Geologikoak bere azken txostenean adierazi duenez, urrunen dauden estazioetan sakoneko sismikotasunarekin zerikusia izan dezakeen deflazio txiki bat nabaritu dute.

Azken 24 ordutan lurraren maila hamar zentimetro igo izanak batzorde zientifikoak laba-kanala handituko zela edo emisio-punturen bat ireki edo itxiko zela iragartzera eraman zuen. 

IGNk jakinarazi duenez, sumendi-tremorearen seinalearen zabalera maila ertain-altuetan dago, intentsifikazio pultsuekin, aurreko egunetan bezala. Horren arabera, asteazken goizean, 08:45ean, errauts zutabea 3.400 metroraino iritsi zen.

Bestalde, gaur egungo baldintza meteorologikoak onak dira aireportuko jardunerako, nahiz eta inbertsio termikoa eta mendebaldeko isurialdeko haize ahula tarteka airearen kalitaterako kaltegarriak izan litezkeen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Lurrikarak Kanariak Sumendiak La Palma sumendia