Gizartea -

ERRIOXA

Gizon bat atxilotu dute Errioxan 9 urteko mutiko bat hil duelakoan

Zenbait lekukok Poliziari jakinarazi diotenez, haurra lagunekin parkean jolasten ari zen gizon batek engainatuta eraman duenean. Atxilotua iaz irten zen espetxetik 1998an Logroñon emakume bat hiltzeagatik jarri zioten zigorra bete ostean.

Guardia Zibilaren autoa, bederatzi urteko mutikoa hil duten Lardero udalerrian. EFE
Guardia Zibilaren autoa, bederatzi urteko mutikoa hil duten Lardero udalerrian
Gizon bat atxilotu dute Errioxan, 9 urteko mutiko baten hilketaren ostean

0:58

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

54 urteko gizon bat atxilotu dute bart Errioxako Lardero udalerrian, 9 urteko mutiko bat hil duelakoan. Oiondik 10 kilometrora gertatu da. Antza denez, haurra parkean lagunekin jolasean ari zela, gizonak engainatu egin du berarekin joateko. Ustezko hiltzaileak aurrekariak ditu hilketagatik.

Espainiako Gobernuak Errioxan duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez, hainbat lekukok adierazi dute atxilotuak haurra engainatu eta berarekin eraman duela.

Larrialdi zerbitzuek 20:25ean jaso dute haurraren desagerpenaren berri. Minutu gutxira haurra hilzorian aurkitu dute, ustezko hiltzailea alboan zuela. Hain zuzen ere, atxilotua bizi den eraikinaren ezkaratzean aurkitu dute. 

Osasun langileak haurra suspertzen ahalegindu badira ere, bertan hil da.

Atxilotutako gizona iaz irten zen espetxetik 1998an Logroñon emakume bat hiltzeagatik ezarri zioten zigorra bete ostean.

Ikerketa

Atxilotuak Guardia Zibilak Logroñon duen kuartelean igaro du gaua. Gehienez ere 72 ordu egingo ditu bertan, eta gero epailearen aurrera eramango dute, ikerketako iturriek Efe albiste agentziari adierazi diotenez. Datozen orduetan, atxilotua Larderora eramango dute atzo gertaturikoa berreraikitzeko.

Bestalde, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak azaldu du urriaren 25ean guraso batzuek salaketa jarri zutela Guardia Zibilaren aurrean. Salaketaren arabera, Larderoko Villa Patro ikastetxean gizon batek berarekin joateko gonbidapena egin zion neskato bati, baina adin txikikoak ezetz erantzun zion. Hala ere, ikertzaileek ez omen dute nahikoa daturik ustezko egilea identifikatzeko, ezta atzo atxilotutakoa izan ote zitekeen baieztatzeko ere.

Hiru dolu egun

Larderoko Udalak ezohiko batzarra deitu du 15:00etarako, baina hiru dolu egun deitu ditu jada. Horrez gain, bertan behera utziko ditu astebururako aurreikusita zeuden ekitaldi guztiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Giza hilketak Errioxa