Itxi

2021/11/02

18:19

Gizartea

Istripua

15 hilabeteko espetxe-zigorra, Barañaingo oinezkoen pasabide batean emakume bat harrapatzeagatik

Agentziak | EiTB Media

43 urteko burlatar bat zigortu dute arduragabekeriazko homizidioagatik. 88 urteko emakume bat furgonetarekin harrapatu eta hil zuen 2020ko abenduan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

43 urteko burlatar bati 15 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote arduragabekeriazko homizidioagatik. 88 urteko emakume bat furgonetarekin harrapatu eta hil zuen 2020ko abenduan, Barañaingo (Nafarroa) oinezkoen pasabide batean.

Iruñeko epaitegi batek sententzia eman du, fiskala eta defentsa akordio batera iritsi ondoren. Epaiaren arabera, gidaria "arreta jarri barik eta zirkulazioaren inguruabarrak kontuan hartu gabe" zihoan.

Auzipetuaren aseguru-etxeak biktimaren senideei 111.992,11 euroko kalte-ordaina eman die dagoeneko, Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez. Biktimak 20 urtez gorako hiru seme-alaba zituen, eta horietako bat berarekin bizi zen.

Espetxe-zigorra, bertan behera

Ebazpenean, epaileak 15 hilabeteko espetxe-zigorra bertan behera uztea erabaki du, zigortuak datozen bi urteetan deliturik ez egiteko baldintzapean. Era berean, denbora tarte horretan ez du gidabaimenik izango.

Ezbeharra 2020ko abenduaren 23an gertatu zen, 09:20 aldera. Auzipetua furgoneta gidatzen ari zen Barañaingo Iruñea etorbidean, Zizurgo Cendea kalera bidean.

Ez zen konturatu emakume bat oinezkoen pasabidea eskuinetik ezkerrera gurutzatzen ari zela, eta harrapatu zuen.

Furgonetak biktimarekin aurrez aurre talka egin zuen. Emakumea ibilgailuaren kapot gainean erori zen aurrena eta, ondoren, lurrera zazpi bat metrotara. Emakumea istripuaren biharamunean hil zen.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;