Gizartea -

Koronabirusa

Iparraldeko lehen hezkuntzako ikasleek musukoa erabili beharko dute berriz ere

Azken egunetan kutsatzeen kopuruak gora egin du Ipar Euskal Herrian eta, ondorioz, agintariek prebentzio neurriak berriro zorroztu dituzte ikastetxeetan. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, barruan nahiz kanpoan.

Ikasleak musukoa jantzita ikastetxe batean. Artxiboko argazkia: EITB Media
Ikasleak musukoa jantzita ikastetxe batean. Artxiboko argazkia: EITB Media
Ikasleak musukoa jantzita ikastetxe batean. Artxiboko argazkia: EITB Media

EUSKADI IRRATIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Intzidentzia-tasa metatuak gora egin du berriro Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako Departamenduan: azken zazpi egunetan 88 covid-19 kasu detektatu dituzte 100.000 biztanleko.

Hala, hezkuntzako egiturek berriro aplikatu beharko dute eskoletako protokoloaren bigarren arrisku-maila eta, ondorioz, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea, barnealdean bezala kanpoaldean ere.

Frantziako Gobernuko bozeramaile Gabriel Attalek zehaztu du udazkeneko oporretatik itzultzean sartuko dela indarrean neurria, hots, datorren astelehenetik aurrera.

Bigarren arrisku-maila intzidentzia-tasa 50 kasutik gora dagoenean aplikatu behar dute ikastetxeek. Ikasturte hasierari baldintza horietan ekin zioten, baina, urriaren 11n, lehen arrisku-maila ezarri zuten Ipar Euskal Herrian, intzidentzia-tasa metatua 50etik beherakoa baitzen. Zazpi urtetik gorako haurrek maskara kentzea baimendu zuten orduan.

Bigarren arrisku-maila aktibatu dutenez, hauek izango dira astelehenetik aurrera bete beharreko neurriak: taldeen arteko nahasketak saihestea, 7 urtetik aitzina maskara erabiltzea eremu guztietan eta barnealdean hunkitze kirolak ez egitea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Gaixotasunak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Zuberoa COVID kasuak Lapurdi Nafarroa Beherea