Gizartea -

DELITU INFORMATIKOAK

Bi adin txikiko ikertu dituzte Iruñean, sare sozialen bidez beste bat jazartzeagatik

16 urteko bi gaztek profil faltsuak sortu zituzten duela denbora bat eskolan ezagutu zuten beste bat iraintzeko eta gutxiesteko.

Gazte bat telefono mugikorra kontsultatzen. Argazkia: Pixabay
Gazte bat telefono mugikorra kontsultatzen.
Gazte bat telefono mugikorra kontsultatzen. Argazkia: Pixabay

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñerriko 16 urteko bi gazteren inguruko atestatua igorri dio Nafarroako Foruzaingoak Adin Txikikoen Fiskaltzari beste baten kontra mehatxu eta gorroto delituak egitea leporatuta, hilabete luzez sare sozialen bidez jazartzeagatik.

Foruzaingoak azaldu duenez, ikerketa Iruñeko eskola batean delitu informatikoen inguruko hitzaldi bat eman ostean hasi zen. Ikastaroaren ondoren, gazte bat hurbildu zitzaien agenteei eta denbora bat zeramala mehatxuak eta irainak jasotzen azaldu zien, bere ustezko sexu izaera aitzaki hartuta.

Gaztetxoak azaldu zienez, norbaitek profil faltsuak sortu zituen sare sozialetan (batzuk bere izenarekin) eta horien bidez mehatxu egiten zioten eta iraindu, etengabe. Adin txikikoak gordeta zituen jasotako irainak agertzen ziren elkarrizketen pantailazoak baina ez zeukan egilea identifikatuta. Hori bai, hori egiten ari zenak bere bizitza pertsonala ezagutzen zuela agerikoa zen, lagun eta senideak ezagutzen baitzituen.

Adin txikikoa salaketa jartzea animatu ostean, ikerketa zabaldu zen eta poliziak 16 urteko bi gaztetxo identifikatu zituen sare sozialetako profil faltsuen sortzailetzat. Bi pertsona horiek biktimarekin kointziditu zuten urte batzuk lehenago, beste eskola batean.

Foruzaingoak horrelako kasu guztiak salatzeko eskatu du, eta era berean, gurasoei ohartarazi die oso garrantzitsua dela seme-alabek sare sozialetan egiten dutena eta ikusten dutena jakitea, "biktimak zein delitugileak izan baitaitezke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Delituak Sare sozialak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Foruzaingoa Gazteak