Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Iparraldeko Lehen Hezkuntzako ikasleek musukoa jantzi dute berriro ere

EITB MEDIA

Azken egunetan kutsatzeen kopuruak gora egin du Ipar Euskal Herrian, eta, ondorioz, agintariek prebentzio neurriak zorroztu dituzte ikastetxeetan. 100.000 biztanleko 88 kasukoa da intzidentzia-tasa metatua.

0:41
Donibaneko Ikastolako ikasleak

Gaurtik aurrera, maskara jantzi beharko dute berriz ere Ipar Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako ikasleek geletan zein aire libreko espazioetan. Izan ere, Europa osoan bezala, koronabirusaren intzidentzia-tasa metatuak gora egin du Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoak departamenduan ere (azken zazpi egunetan 88 covid-19 kasu detektatu dituzte 100.000 biztanleko), eta, ondorioz, covid-19aren transmisioa eteteko neurriak zorroztea erabaki dute agintariek.

Hala, hezkuntzako egiturek berriro ezarri beharko dute eskoletako protokoloaren bigarren arrisku-maila, eta, ondorioz, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea, barnealdean eta kanpoaldean.

Urriaren 11n, lehen arrisku-maila ezarri zuten Ipar Euskal Herrian, intzidentzia-tasa metatua 50etik beherakoa baitzen, eta 7 urtetik gorako haurrek maskara kentzea baimendu zuten. Orain, 88ko tasarekin, bigarren arrisku-maila ezarri dute berriro.

Musukoa janzteaz gain, taldeen arteko nahasketak saihestuko dira.

Hegoaldean ere, goraka doa intzidentzia metatua. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, 100 kasuren bueltan dago 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua, baina osasun agintariek ez dute oraingoz horrelako neurririk iragarri. Josune Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur bertan ETBn ohartarazi duenez, baina, egoerak okerrera egiten jarraitzen badu, ez dute baztertzen Gabonetarako neurriak hartzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena