Gizartea -

Buruko osasuna

Konfinamenduaren eraginez "nabarmen egin du gora" anorexia sufritzen duten nerabeen kopuruak

Basurtuko Ospitaleak egindako ikerketaren arabera, anorexiagatik, suizidiorako joeragatik eta antsietateagatik ingresatutako gazteen kopuruak % 50eko hazkundea izan du pandemia hasi zenetik.

Ume bat etxeko leihotik begira, 2020ko konfinamenduan. Artxiboko argazkia: EFE
Ume bat etxeko leihotik begira, 2020ko konfinamenduan. Artxiboko argazkia: EFE
Ume bat etxeko leihotik begira, 2020ko konfinamenduan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Fernandez Basurtuko Ospitaleko Psikiatria unitateko arduradunak ohartarazi duenez, pandemiagatik ezarritako konfinamenduaren eraginez "nabarmen egin du gora" anorexia pairatzen duten gazteen kopuruak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta joera hori mendebalde guztian eman dela erantsi zu.

Basurtuko Ospitaleko Psikiatria unitateko arduradunek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean, pandemiak gazteen osasun mentalean izan duen eraginari buruz landu duten ikerketaren ondorioak aurkezteko. Basurtukoa da umeei eta gazteei zuzendutako psikiatria unitatea duen erietxe bakarra Bizkaian.

Ikerketaren arabera, buruko osasunari lotutako gaitzengatik ingresatutako gazteen kopuruak % 50 egin du gora eta gehienak neskak dira.

Arazo nagusiak hiru dira: anorexia, suizidiorako joera eta antsietatea. Adibidez, Bizkaian, anorexiagatik ingresatutako gazteen kopuruak % 153ko igoera izan zuen iaz, 2019ko datuekin alderatuta.

"Orain pixka bat hobeto gaude, baina tentsioak jarraitzen du", ohartarazi du ospitalean bizi duten egoerari aipu eginez.

Azken 10 urteetan goranzko joera txiki bat ematen ari zela, baina pandemiak igoera hori azkartzea ekarri duela kontatu du. Halaber, hazkunde hori pandemiari lotuta badago ere, osasun mentalari lotutako gaitzak epe laburrean desagertuko ez direla ohartarazi du.

Anorexiaz gain, suizidioak edo norbere burua hiltzeko saiakerak ugaritu egin direla eta antsietatea sufritzen duten gazteen kasuak urtebetean % 100eko gorakada izan dutela azpimarratu dute.

Hazkunde horren atzean egon daitezkeen arrazoi nagusien artean ondokoak aipatu dituzte: etxeko itxialdia; harreman sozialen etetea; eta koronabirusaren ondorioz zabaldutako beldurra eta ziurgabetasuna.

Horrez gain, konfinamenduak iraun bitartean loditzeko arriskuari eta kirola eta ariketa fisikoak egiteko beharrari buruz zabaldu ziren mezuekin, gazte zaurgarrienek muturrera eraman zuten elikadura zaintzeko beharra.

Amaitzeko, adituek nabarmendu dute haurren eta gazteen osasun mentala "arrisku handian" dagoela eta, ondorioz, ezinbestekoa dela arreta psikologikoa eta psikiatrikoa hobetzea eta hezkuntzan eta gizartean indarrak batzea pertsona horiei lagundu ahal izateko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Umeak Koronabirusa Gazteak