Gizartea -
Polizia operazioa
Gasteizko gizonezko bat atxilotu dute artxibo pedofiloak partekatzeagatik
Adingabeak galbidean jartzearen delitua egotzi diote. "Umeen irudi pornografikoak zituzten artxibo kopurua handia" partekatzen zuen
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Espainiako Poliziako agenteek gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen adingabeak galbidean jartzearen delitua egotzita. Izan ere, Arabako hiriburuko bere etxebizitzatik artxibo pedofiloak banatzen zituela frogatu ahal izan dute.
Atxiloketa urriaren 6an egin zuten, baina gaur jakinarazi dute "Altzairuzko oihala" polizia operazioaren nondik norakoak. Espainiako Poliziak ohar batean azaldu duenez, Arabako Polizia Judizialaren lurralde brigadako ikertzaileek jakin ahal izan zuten Gasteizko etxebizitza batetik "umeen irudi pornografikoak zituzten artxibo kopurua handia" banatzen zela internet bidez.
Hiru hilabetez ikertzen egon ondoren, artxiboak bidaltzen zituzten etxebizitzara sartzeko baimena jaso zuten agenteek eta miaketa eginda, dozenaka artxibo pedofilo topatu zituzten. Bertako bizilaguna atxilotu zuten, segidan.
Atxilo hartutakoa Gasteizko guardiako Instrukzio Epaitegiaren esku geratu zen.