Gizartea -
Arrazismoa
Gorroto-delitu arrazisten salaketak % 7 igo dira EAEn 2020ko datuekin alderatuta
Ertzaintzak 219 gorroto-delitu erregistratu ditu urteko lehenengo hamar hilabeteetan; 122 (% 55,7) arrazakeria eta xenofobiarekin lotuta, eta 39 arabiar edo musulmanen kontrako delituak izan dira.
O. P. | EITB Media
Ertzaintzak urteko lehen hamar hilabeteetan erregistratutako 219 gorroto-delituetatik 122 (% 55,7) arrazakeria eta xenofobiarekin lotuta zeuden. 122 salaketa horietako 39 (arrazakeria eta xenofobiarekin lotutako gorroto-delitu guztien % 31,9) komunitate arabiarreko edo musulmaneko pertsonen kontrako delituak izan dira.
Gaur goizean eman ditu datu horiek Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, Islamari buruzko aurreiritziak desegiten jardunaldia irekitzeko hitzaldian. Ertzaintzak antolatu du aipatu jardunaldia, Euskadin finkatutako komunitate musulmanarekin lankidetzan. Lan, eztabaida eta hausnarketa saio honen bidez, gorroto-delituen "jopuntu" izan ohi den komunitate honen estigmatizazio sozialari aurre egin nahi diote.
Bere mintzaldian, Erkorekak helburu jarri du Euskal Herria herri "errespetutsua izan dadin, bai gizarte demokratiko baten printzipioekin eta balioekin, bai fede eta sinesmen erlijiosoekin ere, azken batean gorroto-portaerarik eta diskriminaziorik gabeko gizarte pluralista eta irekia izan gaitezen".
Horretarako "ausarta eta proaktiboa izateko, eta Islama praktikatzen duten pertsonei buruzko aurreiritziak, pertzepzio arruntak eta mito desinformatuak desegiten laguntzeko" eskatu dio euskal jendarteari.
Funtsezkoa iritzi dio "jokabide intoleranteak ezabatzea", eta "adierazpen askatasuna ezin da inoiz gorroto diskurtsoentzako aterpea izan", erantsi du.
Erkorekaren hitzetan, "gorroto-delituen salaketak gorantz doaz Euskadin, eta hori ikuspegi positibotik ulertu behar da; izan ere, egiaztatzen du delitu-mota hori azaleratzen ari garela: gero eta gehiago hautematen eta salatzen dira, bai gizarteak gero eta kontzientzia handiagoa duelako, bai Ertzaintzako agenteak eta udaltzainak pixkanaka formakuntza jasotzen ari direlako".
Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak zenbaki batzuk ere eman ditu: "Aurtengo lehenengo hamar hilabeteetan bakarrik, gertakari arrazistekin edo xenofoboekin lotuta Ertzaintzak erregistratu dituen delituak % 48,55etik % 55,71ra igo dira iazko urteko datuekin alderatuta. Horien artean, komunitate musulmanarekin zerikusia dutenak % 25etik % 32ra igo dira".
Ertzaintzak urteko lehenengo hamar hilabeteetan erregistratutako 219 gorroto-delituetatik 122 (% 55,7) arrazakeria eta xenofobiarekin lotuta zeuden, eta 122 salaketa horietatik 39 (% 31,9) komunitate arabiarrarekin edo musulmanarekin lotutako delituei dagozkie.
2020an, 241 gorroto-delitu erregistratu zituzten; 117 (% 48,5) arrazakeria eta xenofobiarekin lotuta zeuden, eta horietatik 29 (arrazakeria eta xenofobiarekin zerikusia zuten gorroto-delitu guztien % 24,7) komunitate arabiarrarekin edo musulmanarekin lotuta zeuden.
Izu morala
Jardunaldiko irekiera hitzaldia Eva Maria Gomez Petisco psikologo eta gizarte-hezitzaileak eman du, eta hizpide izan du "herrialde gehienek Islamarekiko izan duten taldeko arbuioa eta beldurra" (Soziologian "izu morala" deitzen dena). Azaldu duenez, mendebaldeko gizarteek "Islamari beldurra izaten eta Islamaren aurrean erreakzionatzen" ikasi dute, eta azpimarratu du "funtsezkoa" dela aurreiritzien eta portaera diskriminatzaileei aurre egiten ikastea, edozein eratako gorroto-gertakariei aurrea hartu ahal izateko eta ezberdinen arteko harremanak sustatzeko.
Islamera bihurtutako emakume den heinean, Petiscok emakume izatea eta Islama praktikatzea "erronka bikoitza" dela azpimarratu du; izan ere, hijaba erabiltzeak, esate baterako, diskriminazioa areagotu egiten du, nahiz eta hura erabiltzea libreki aukeratu. De facto, jendeak auzitan jartzea dakar, gorroto-jokabide gehiago eragiten ditu, hala nola begirada desafiatzaileak, eraso eta erreakzioak, iruzkin iraingarriak, lana lortzeko edo etxebizitza alokatzeko zailtasun erantsiak. Psikologo eta gizarte-hezitzailearen arabera, "ez dago zalantzarik emakume musulmanarekin estereotipoak ugaritu egiten direla".