Gizartea -

GALIZIA

Bilbotik irten den hegaldi batek Coruñako aireportuan lur hartu du, bonba mehatxu faltsu baten ondoren

Guardia Zibilak hegazkinaren kabina, bodega eta maletak ez ezik, bidaiari guztiak miatu ditu bana-banan. Ez dute ezer aurkitu ordea. Guardia Zibilak ziurtatu duenez, bonba mehatxu faltsua ikertuko dute, Ertzaintzarekin elkarlanean.

Coruñako aireportuan lur hartu duen Volotearen hegazkina. EFE
Coruñako aireportuan lur hartu duen Volotearen hegazkina
Bonba mehatxu faltsua izan da Bilbotik Coruñara zihoan hegazkin batean

0:54

Onintza Aiestaran | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbotik irten eta Coruña helmuga zuen Volotea konpainiaren hegaldi batek alarma guztiak piztu ditu gaur goizean Coruñako Alvedro aireportuan, azkenean faltsua izan dela baieztatu den bonba mehatxu bat tarteko. Horrela jakinarazi dute Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Guardia Zibilak.

V7 3538 hegaldia 06:45ean irten da Bilboko aireportutik eta 07:25ean lur hartu du Coruñan.

Bonba mehatxua tarteko larrialdi plana aktibatu dute Alvedroko aireportuan. Gertaera argitu den bitartean, ordea, zabalik jarraitu du.

AENAk jakinarazi duenez, hegazkina aireportuko gune bereizi batera eman dute eta bidaiariak bertatik atera eta gela batera eraman dituzte.

Guardia Zibilak hegazkinaren kabina, bodega eta maletak miatu ditu. Horrez gain, bidaiari guztiak atxikitu eta banan-banan miatu dituzte txakurrekin. Horrela azaldu dio Mikel Mata bidaiariak Euskadi Irratiari. Dena dela, miaketa horietan ez dute ezer aurkitu.

Volotea konpainiak zabaldu duen informazioaren arabera, 105 bidaiari eta tripulazioko sei kide zihoazen eta guztiak ere onik daude.

Larrialdi zerbitzuak ez ezik, suhiltzaileak eta Polizia ere bertaratu dira. Guardia Zibilak hartu du bere gain ikerketa eta orain abisua nork eman duen ikertzen ari dira.

SOS Deiak larrialdi zerbitzuak jaso du abisua eta jakinaren gainean jarri ditu bi aireportuak eta Guardia Zibila.

Bonba mehatxu faltsua ikertuko dute

Francisco Javier Jambrina Coruñako Guardia Zibilaren koronelak ziurtatu duenez, bonba mehatxu faltsuaren egilea bilatuko dute, Ertzaintzarekin elkarlanean.

Maria Rivas Espainiako Gobernuaren ordezkariordearekin batera prentsaurrekoa eman du Jambrinak. "Ikerbidea abiatuko da, desordena publiko delitu bat eman delako", zehaztu duenez.

Ertzaintzak mezua bere aplikazioaren bidez jaso zuen, eta sinesgarritasun gutxi eman zion, baina, hala ere, koordinazio zentroari jakinarazi zion. Hark Aireko Segurtasun Agentziari abisua eman zion, eta agentziak hegazkinari.

Guardia Zibilak hegazkineko kabina eta sotoa miatu zituen, lehergailurik topatu gabe, baita bidaiariak ere.

Jose Miñones Espainiako Gobernuak Galizian duen ordezkariak zuhurtzia eskatu du gertakariaren aurrean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportuko Azken Ordukoak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Galizia