Gizartea -
Festak
Helio puxikekin zintzilikatutako dantzari batek Eguberriei hasiera emango die Donostian
Gabonetako azokak 41 kaseta izango ditu, eta 180.000 bonbilla baino gehiagok hiria argiztatuko dute.
Agentziak | EiTB Media
Eguraldiak horretarako beta ematen baldin badu, Urumea ibaiaren gainean helio puxikekin zintzilikatutako dantzari batek Donostiako Eguberriei hasiera emango die azaroaren 26an. Gainera, Gabonetako azokak 41 kaseta izango ditu, eta 180.000 bonbilla baino gehiagok hiria argiztatuko dute.
Eguberrietako beste ikuskizun batzuk izango dira Gipuzkoako hiriburuan: argizko ibilbideak, 240 arkuren bidez, zenbait bola, 170 farola eta apaingarri mota ezberdinak, 140 kaletan, erdialdean zein auzoetan, argi sabaiak Alde Zaharrean zein Alderdi Ederreko noria erraldoian.
Erakunde publikoen zein entitate pribatuen "esfortzu partekatuari esker Gabonetako magia berreskuratuko du Donostiak", adierazi du Marisol Garmendia Bultzada Ekonomikorako zinegotziak Udalbatza aretoan.
Zinegotziak jakitera eman duenez, argiteriaren aurrekontua 410.000 eurokoa da aurten (2019an baino % 4 gehiago, eta 2020koaren bikoitza). Horietatik 230.000 euro babesleen ekarpena izango dira. Garmendiaren ahotan, "esfortzu garrantzitsua da", baina merezi du "nolabaiteko normaltasunarekin ospatuko diren lehen Eguberriak direlako". Merkataritza, ostalaritza eta turismoa "suspertzeko" helburua dute, erantsi duenez.
Ospakizunak datorren ostiralean hasiko dira; Paraddax konpainiako dantzari batek ibaiaren gainetik hegan egingo du helio puxikekin, koreografia ezberdinak eginez, Mari Kristina Zubi inguruan.
Hala ere, euria egiten badu edo haizearen ufadek 20 kilometroko abiadura gainditzen baldin badute ez da dantzaririk izango segurtasunagatik. Ikuskizuna 300 puxika biodegradagarri askatuz amaituko da. Ondoren Urumea ibaitik su artifizialak jaurtiko dituzte.
Eguberrietako azoka
Gabonetako azokak berriz zabalduko ditu ateak. Frantzia Pasealekuan 27 kaseta izango dira, eta beste 14 Ramon Labayen plazan, Maria Kristina hotelaren alboan. Jendea zenbatzeko dispositibo batek eta beste irtenbide adimendun batzuek publikoaren sarrera kontrolatuko dute, pandemiaren bilakaerak okerrera eginez gero, aforoari mugak jarri ahal izateko.
Era berean, azokak bertsio digitala izango du iaz bezalaxe, www.dssmarketplaza.eus atarian, % 15eko beherapenekin eta % 30eko hobariarekin 20 euroko gutxieneko gastua eginda. Gainera, etxera doan bidaliko dute erositakoa.
Argiteria
Argiteriari dagokionez, hiriko irudi ikonikoek errepikatuko dute, hala nola, Kontxako baranda, Chillidaren Haizearen Orrazia edo Basterretxearen eskulturak, baita Urumea ibaiaren gaineko kuboak ere, arkuak erdialdeko zubietan eta Alderdi Ederreko bola erraldoiak.
Kursaal zubiko farolak argiz jantziko dira, baita Alde Zaharreko kale batzuk ere, argi "sabaiak" izango dituzte. Bitartean, 36 metroko noriak hiriko ikuspegi ezin hobeak eskainiko ditu berriro, iaz ez baitzuten jarri.