Gizartea -

LAN-ISTRIPUA

45 urteko langile bat hil da Portugaleten, teilatu batetik behera erorita

Lan-istripua Bailen kaleko laugarren zenbakian gertatu da, bost solairuko etxebizitza batean. Hildakoa Bravo Lanak SL enpresako langilea zen. Teilatutik zorroten bat konpontzen ari zela erori da.

Lan ezbeharra gertatu den lekua. Argazkia: @ikersalgadoser1
Lan ezbeharra gertatu den lekua.
Lan ezbeharra gertatu den lekua. Argazkia: @ikersalgadoser1

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

45 urteko langile bat hil da astearte honetan bost pisuko eraikin batetik behera erorita, Portugaleten (Bizkaia). 

Ezbeharra 11:30ean gertatu da, Bailen kaleko 4. zenbakian, bost solairu dituen etxebizitza bateko teilatutik behera erosi denean. Larrialdi zerbitzuak bertaratu badira ere, ezin izan dute behargina salbatu.

LAB sindikatuak ohar batean jakitera eman duenez, hildakoa 45 urteko R.P.L. Bravo Lanak SL enpresako langilea zen. Teilatutik zorroten bat konpontzen ari zela erori da.

Osalanek gertatutako argitzeko ikerketa zabaldu du.

LABek salatu duenez, urtea hasi zenetik 56. lan heriotza da Euskal Herrian. Ildo horretan, prekarietateak hil egiten duela salatu du sindikatuak.

Laneko heriotzak "behingoz agenda politikoan lehentasuna" izatea eskatu die sindikatu abertzaleak erakundeei.

Hildakoaren familiari eta lagunei elkartasuna adierazi die sindikatuak. Lan istripuen "gaitzarekin benetan" amaitu nahi baldin badute, arrazoietara jo beharko litzateke, hau da, "lanaren antolakuntza eskasa edo gabezia eta eskubideak galtzera daramaten baldintza prekarioak", salatu du LABek.

Sindikatuaren esanetan, patronala egoeraren "arduraduna" da, baina "administrazio publiko itsu, gor eta mutuak" ezin ahaztu.

ELAk elkarretaratzea egingo du datorren ostiralean, Portugaleteko San Roke plazan, 11:00etan, lan-istripua salatzeko eta segurtasunean eta lan osasunean "norabide aldaketa bat" eskatzeko, prekarietatea "gelditzeko".

ELAk ohar batean azaldu duenez, Portugaleteko ezbeharrarekin, dagoeneko hiru hildako izan dira astebete eskasean, lan-istripuan. Iragan ostiralean, Donostiako Barcelo Costa Vasca hotelean behargin bat "hilik topatu zuten enpresako instalazioetan, ondoezik egon ostean", eta atzo "Argilun Iluminacion enpresako beste langile bat hil zen Donostian, bainugelan ziplo erori ondoren", sindikatu abertzaleak gogorarazi duenez.

ELAk ohartarazi duenez, "ezbehar-kopurua gora egiten ari da etengabe, eta jadanik aurten 57 behargin hil dira" Euskadin eta Nafarroan, datu "guztiz onartezina, jasangaitza eta lotsagarria".

Azkenik, CCOO Euskadik elkarretaratzea deitu du ostegunerako, 11:00etan, Bilboko Errekalde auzoan, Bravo Lanak SL enpresaren egoitza aurrean, heriotza salatzeko.

Ezbeharraren inguruabarrak ikusita, CCOOk Osalani eta Lan Ikuskaritzari ikerketa "sakona" eskatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Portugalete albisteak Gizartea Gaurko titularrak Albisteak