Gizartea -
Krisiaren kontrako neurria
Ostalariek ordubete beranduago itxi ahal izango dute asteburuetan
Lanegunetan, berriz, ostalaritza establezimenduen ordutegiak ordu erdiz luzatu ahal izango dira.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ostalaritza ordutegiak luzatu ditu eta udalei eskuduntza gehiago eman dizkie. Dekretu berriaren arabera, lanegunetan ordu erdi beranduago itxi ahal izango dute; eta ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperatan ordubete beranduago.
Eusko Jaurlaritzak uste du dekretua "aro berrietara" egokitu behar zela, "herritarren aisia, enpresarien eskubideak eta gainontzeko herritarren atsedenerako eskubideak bermatuta".
Jaurlaritzaren gobernu-bilerak gaur onartutako arauaren arabera, ostalaritza establezimenduek lanegunetan ordu erdi beranduago itxi ahal izango dute eta ostiraletan, larunbatetan eta bezpera-egunetan ordubete beranduago. Euskal Autonomi Erkidego osoan ezarriko da araua, baina udalerri bakoitzak euren beharretara egokitu ahal izango dute dekretua.
Dekretu berriak ostalaritza establezimenduen ixteko ordutegia luzatuko du EAE osoan, hala ere, jaiak eta turismoarekin lotura duten ekintzak kasu bereziak izango dira.
Herriko jaietan, inauterietan (ostegunetik asteartera), Gabonetan (abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra) eta Aste Santuan (ostegunetik astelehenera) bi ordu beranduago ixtearen baimena ematea erabaki ahal izango dute udalek, baita beste jaietan ere, urtero 15 egun gehienez.
Bestalde, udalerrien gune edo auzo zehatzetara mugatu ahal dute ordutegiaren luzapena, programazioaren arabera. Horrez gainera, beste 15 egunetan luzatu ahal izango dute ordutegia, aurreko dekretuarekin baino 5 egun gehiagotan, jai edota ekintza ezberdinak ospatzen direnean.
Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza euskal udalekin, talde politikoekin, ostalaritza sektorearen ordezkariekin eta auzo-elkarteekin harremanetan egon da azken hilabeteotan, euren iritziak eta proposamenak entzuteko, hainbat udalerrik eta enpresarik ordutegien luzapena eskatu eta gero.
Ordutegien Dekretua aldatzearen helburu nagusia biztanleen ohituretara egokitzea da, baita ostalaritza bultzatzea ere. Bestalde, neurri berriak gaueko tabernen irteera tartekatzen lagundu dezake, ordu berean kale zehatz batean elkartzen diren lagun kopurua murriztuz.