Gizartea -
Eguraldia
Euskal Herria abisu horian jarri dute berriro euriagatik eta elurragatik
Fronte berri bat iritsi da, eta zaparradak utziko ditu ia lurralde osoan. Horrez gain, bihartik aurrera, elurra egin dezake 1.000 metrotik behera.
O. P. | E. G. | Eitb Media
Astearteko atsedenaldi laburraren ostean, euria eta elurra bueltan dira Euskal Herrira. Hala, muturreko bi fenomeno meteorologiko horiengatik abisu horiak ezarri dituzte Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak , Nafarroan.
EAEn, prezipitazio iraunkorrengatik ezarritako abisu horia eguerdian sartu da indarrean eta biharko 12:00etara egongo da indarrean. Euskalmeten iragarpenaren arabera, baliteke 24 ordutan metro koadroko 50-60 litro baino gehiago pilatzea Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat tokitan. Halaber, egunaren amaieran trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake.
Nafarroan ere, isurialde atlantikoan, abisu horia ezarri dute eta bihar, osteguna, 12:00ak arte egongo da indarrean. 80 mm-ko prezipitazioa pilatu daiteke 24 orduko epean.
Eguraldiaren iragarpenaren arabera, hodeiak ugarituz joango dira eta zerua estaltzen joango da. Arratsaldeko lehen orduetan, aldaketa barnealdera zabalduko da, eta arratsalde-gaua grisa eta euritsua izango da. Tenperaturak ere egingo du behera, maximoak ez dira 12 gradutik pasatuko eta minimoak -1 eta 8 gradu artekoak izango dira.
Gainera, ostegun gauerditik aurrera elur kota jaisten joango da, eta 1000 metrotik behera egin dezakeela eta, abisu horia ezarri du Segurtasun Sailak Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean eta Araba osoan. Abisua 18:00ak arte egongo da indarrean. Elur maila 1000 metro inguruan egongo da; goizaldean jaitsi egingo da, 900-800 metrora kokatuta, noizbehinka beherago. Arratsaldean, ordea, gora egingo du (1000-1100 metrora). 1.000 metrora 5-15 cm-ko lodierak pila daitezke.
Nafarroan isurialde atlantikoan eta Pirinioetan egongo da indarrean elurrarengatik ezarritako abisu horia. Isurialde atlantikoan, 600 metrotik gora metatzea espero da, eta baliteke 24 orduan 4 zentimetroko lodiera harrapatzea. Nafarroako Pirinioetan, elurrak 10 zentimetroko lodiera harrapatuko du 24 orduko epean 1.000 metrotik gora. Bi abisuak abenduaren 3ko gauerdian (00:00) indargabetuko dira.
Pirinio Atlantikoetan, zonalde menditsuetan, abisu horia ezarri dute 06:00etan elur-jausiengatik, eta abisu hori osteguneko 06:00ak arte egongo da indarrean.