Gizartea -

Koronabirusa

ZIUetan gaixo bat gehiago eta 564 positibo berri zenbatu dituzte Nafarroan

Sei pertsona ospitaleratu dituzte, eta horrenbestez, 87 dira erietxeratutakoak, horietako 14, ZIUetan.

Nafarroako Ospitale Guneko ZIU bat. Argazkia: EFE
Nafarroako Ospitale Guneko ZIU bat.
Nafarroako Ospitale Guneko ZIU bat. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken bost hilabeteetan atzemandako kutsatze kopuru altuena zenbatu dute asteazken honetan Nafarroan, 564 kasu berri, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Ospitaleetan, sei gaixo gehiago hartu dtuzte, horietako bat ZIUn (14 dira, jada).

4.189 proba diagnostiko egin ostean, horien % 13,5ek eman dute positibo. Positibotasun tasa ia lau puntu igo da, bezperakoarekin alderatuta.

Aurreko egunean baino 155 positibo gehiago dira, eta duela astebete baino 224 gehiago. Gainera, duela 14 eguneko datuekin alderatuta, 296 gehiago dira. Uztailaren erdialdera, gazteriaren artean izandako agerraldi betera, jo behar dugu datu okerragoak topatzeko.

Positiboak erietxeetara heltzen jarraitzen dute, eta 87 daude jada Osasunbideko ospitaleetan (asteartean baino bat gutxiago), eta 14 zainketa intentsiboetako unitateetan (asteartean bezainbeste). Zorionez, ez da inor hil.

Udalerriei edo osasun eremuei erreparatuta, Iruñeko Arrotxapean zenbatu dituzte positibo gehien: 29. Ondoren, Iruñeko II. Zabalgunea eta Berriozar ageri dira, 22na kutsatzerekin.

21 positibo adinekoen egoitzetan

Bestalde, Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak jakinarazi duenez, adinekoen egoitzatan 21 kasu atzeman dituzte, eta 18, berriz, desgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroetan.

Maezturen arabera, sei gaixo zentroan bertan dituzte, zazpi asintomatikoak dira, eta beste zazpi bitarteko baliabideetan dituzte. "Ospitalean ez dago bakar bat ere", gaineratu du.

Bestalde, adineko zentroetan kasuak ugaritu direla ikusita, eta Chivitek iragarritako asmoa (zentroetan ere ziurtagiria eskatzeko asmoa) zein den kontuan hartuta, Maeztuk esan du neurriak hartu dituztela dagoeneko: "Zentroetara sartzeko bi salbuespen daude: txertatuta ez daudenak ezin dira barrualdera sartu eta propio prestatutako guneetan egon behar dute. Intzidentzia handia dagoenen lekuetan ere, bisiten sarbidea mugatu dugu".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Burlata Albisteak Nafarroako Gobernua Berriozar Umeak Txertoak Barañain María Chivite Koronabirusa Osasunbidea