Gizartea -

eguraldia

Eguraldi kaskarra, alertak eta abisuak Euskal Herrian

Igande honetan 113km/h-ko haize-bolada maximoak izan dira Cerroja estazioan, eta 108km/h-koak Matxitxakon. Gainera, egunean zehar zenbait abisu hori egon dira aktibo, baldintza meteorologiko kaxkarrak direla eta. Bestalde, gauerdira arte mantenduko dute kostako kalteengatik abisu horia.

Haize-bolada bortitzak nagusi izan dira igande honetan. Artxiboko argazkia: EFE
Haize-bolada bortitzak nagusi izan dira igande honetan. Artxiboko argazkia: EFE
Haize-boladen ondorioz alerta laranja ezarri dute Euskadin nabigaziorako, eta abisu horia itsasertzerako

1:12

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Muturreko fenomeno meteorologikoak nagusi izan dira igande honetan. Cerroja estazio meteorologikoak (Karrantza) 113 km/h-ko haize-bolada maximoak jaso ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko bortitzenak, eta Matxitxakon (Bermeo) 108 km/h-ra iritsi dira.

Euskadik abisu horia mantendu du igandeko 18:00ak arte, gune arriskutsuenetan 100 km/h gainditu dituzten haize-ufadak direla eta. Ordu horretara arte luzatu dute prezipitazio arriskuagatik ere; egun osorako, elurragatik; eta gauerdira arte mantenduko dute kostaldeko kalteengatik.

100 km/h-tik gorako haize-boladak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, arriskutsuak ez diren eremuei dagokienez, 76 km/h-ra iritsi da haizea Gasteizen, eta 70 km/h-ra Deustun.

Haize bortitzaren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiko Suhitzaileek askotariko jazoeretan esku hartu behar izan dute zenbait udalerritan, hala nola Erandion, Muxikan, Gernikan, Sopelan, Abanton eta Arrietan.

Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, eroritako zuhaitz bat erretiratu behar izan dute Gorozika auzoan, Muxikan, eta errepidera eroritako zenbait adar, Erandion.

Era berean, bidea garbitu behar izan dute askatutako txapak zirela eta Erandioko Axpe auzoan, eta Gernikako Iparragirre kalean.

Lizarren, Sopelako udalerrian, farola bat erori da bidera, eta beste bi zuhaitz Santa Luzian (Abanto) eta Lexarraga aldean, Arrietan.

Haizeak adar eta zuhaitz ugari bota ditu zenbait errepidetan eta baita Donostiako Antiguoko auzoan ere, Tolosa Etorbidean.

Prezipitazio iraunkorrak

Bestalde, arratsaldeko 18:00ak arte egon da aktibo prezipitazio arriskuagatik abisu horia. Ur-baltsak izan dira errepide-sareko zenbait puntutan, etengabeko euria dela eta. Handiena Erandion sortu da, Makro supermerkatutik hurbil, eta errepideko bi erreiak itxi behar izan dituzte horregatik.

Urtegiak ere bete ditu euriak: Uribarri-Ganboako urtegiak, esate baterako, bere ahalmenaren % 80a gainditu du, duela hilabete % 57an zegoelarik.

Gainera, Euskalmeten arabera, larunbateko 18:00etatik 51 litro izan ziren Urkiolan metro karratuko, 49 Gorbeialdean eta 44 Balmasedan.

Alerta laranja olatuengatik

Arratsaldeko 15:00ak arte, alerta laranja aktibatu dute nabigaziorako, 5 metrotik gorako olatuengatik. Kostaldeko kalteengatik ere gauerdira arte luzatuko dute. Haize bortitza eta olatuak daude oraindik, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak arduraz jokatzeko gomendatu du kostaldean eta itsas pasealekuetan.

Eguerdira arte, olaturik altuenak Pasaiako portuan izan dira, ia 2,4 metrora iritsita.

Elur-kota jaitsi da

Gainera, elurra 800 metrora jaitsi da Araban, eta bost mendate itxi behar izan dituzte. Kota are gehiago jaitsi da Nafarroan, 600 metrotara elurtu duelarik Pirinioan eta Erdialdean.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alerta meteorologikoak bideoak EAE albisteak Eguraldia Bilbao Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak