Gizartea -
Jaurlaritzaren ikerketa
Etorkinek laguntza gehiegi jasotzen dituzte, EAEko biztanleen ustez
Gemma Zabaleta sailburuak azaldu duenez, datuek hobera egin dute eta inmigrazioa arazo bezala aipatzen dutenen kopuruak 5 puntu egin du behera. Biztanlegoaren %2,4rentzat lehen arazoa da.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek etorkinekiko jarrerak "zertxobait" hobetu dituzte azken urteetan, baina alor honetan ozta-ozta "gainditu" dute: 2010. urtean 56,65ko batazbesteko nota lortu zuten, eta 2011an, berriz, 57,15.
Gemma Zabaleta sailburuak azaldu duenez, datuek hobera egin dute eta inmigrazioa arazo bezala aipatzen dutenen kopuruak 5 puntu egin du behera. Biztanlegoaren %2,4rentzat lehen arazoa da. Zabaletak Ikuspegik egindako txostena aurkeztu du gaur goizean.
Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 9 jatorriz etorkinak dira. Ikuspegiren dokumentuaren arabera, herritarrek "normaltasunez" hartzen dituzte etorkinak,e ta % 2,4rentzat soilik da lehen mailako arazo bat.
Langabezia (% 71), arazo ekonomikoak (% 6,1) eta ETAren terrorismoa (% 4,3) dira biztanleen arazo nagusiak.
Horrez gain, biztanleek ez dute krisia eta langabeziaren igoera lotzen eta azken urtean eurekiko harremanetan aldaketarik ez du atzeman gizartearen gehiengoak.
Hala ere, zenbait joera mantendu egiten dira, ikerketaren arabera: Hamarretik seik segurtasunarekin lotzen dute inmigrazioa, eta % 44rentzat zerga gutxiago ordaintzen dituzte jasotzen dutena baino.
Bestalde, etorkinak Euskadin egoteak "aberastasun kulturala" dakarrela adierazi dute biztanleen gehiengoak. Herritarren % 61,7en iritziz, etorkinek ez dituzte euren kultura eta ohiturak atzean utzi behar.
Etorkinek jatetxeak edo dendak irekitzea begi onez ikusten dute euskal herritarrek, baina, aldiz, eskola eta eliza propioak irekitzea ez du biztanleen oniritzia lortu.
Herritarren % 64,2ek uste du etorkinek laguntza gehiegi jasotzen dituztela euskal erakundeetatik, nahiz eta, azken urtean, datu hori bost puntu jaitsi den.