Gizartea -
Jason Russell
'Kony 2012' bideoko sortzailea atxilotu dute desordena publikogatik
33 urteko aktibista, ustez mozkortuta zegoen eta "autoak puskatzen eta masturbatzen" harrapatu zuen Poliziak.
Erredakzioa
"Invisible Children" (Haur ikusezinak) Gobernuz Kanpoko Erakundearen sortzaileetako bat atxilotu dute. "Kony 2012", Joseph Kony Ugandako gerra-kriminala atxilotzea eskatzeko eta haren krimenak salatzeko bideoaren, egileetako bat da.
Ostegunean atxilotu zuten San Diegon (Kalifornia), bertako Poliziak jakinarazi duenez.
Jason Russell ustez mozkortuta egoteagatik atxilotu zuten eta publikoki masturbatzeagatik, tmz.com webguneko bideoan azaltzen den moduan.
33 urteko aktibista "kotxeak apurtzen" omen zegoen, eta atxilotua izan zen unean "ez zuen erresistentziarik jarri". Poliziak esan duenez, osasun mentaleko zentro batera eraman dute.
Invisible Children GKEaren presidenteak webgunean argitaratu duen ohar baten bitartez, Russell tratamenduan dago "nekearen eta deshidratazioren" ondorioz. "Azken bi asteak oso gogorrak izan dira guretzat, Jasonentzat bereziki, eta ondorioz, zoritxarreko gertaera hau jazo da".
Russel astebetean 100 milioi bisita izan dituen bideoaren egileetako bat da. Bertan, Joseph Konyren, Jaunaren Erresistentzia Armadaren buruzagiaren (LRA, ingelesezko laburdura), krimenak salatzen dira, eta AEBetako Gobernuari esku-hartzeko eskatzen zaio. Kony Adolf Hitlerrekin alderatzen du, eta LRAk 30.000 ume-soldatu dituela eta sarraskiak egiten dituela aipatzen du.
Baina kanpainaren arrakastaz gain, kritikak ere jaso dituzte, izan ere, bideoak mezua sinplifikatu eta ume-soldaduen arazoa manipulatu egiten duela esan dute hainbatek. Gainera, euren jardueretako ustezko irregulartasunak estaltzeko erabiltzea egotzi diete.