Gizartea -

Eustat

Pandemiak urte erdi laburtu du euskal gizon-emakumeen bizi-itxaropena

Gizonen bizi-itxaropena 0,6 urte jaitsi da, 81,3 urtetik 80,7 urtera, eta emakumeena 0,5 urte, 86,8 urtetik 86,3 urtera. Ugalkortasuna, gainera, oso maila baxuetan dago: 1,2 jaiotza emakume bakoitzeko, belaunaldien ordezkapenerako beharrezkoak diren 2,1etik oso urrun.

Bi emakume paseoan Gasteizen. EFE
Bi emakume paseoan Gasteizen. EFE
Bi emakume paseoan Gasteizen. EFE

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak EAEn 2020an eragindako gain-hilkortasunaren ondorioz, gizonen bizi-itxaropena 0,6 urte murriztu da (81,3 urtetik 80,7 urtera) eta emakumeena, berriz, 0,5 urte (86,8 urtetik 86,3 urtera), Eustat Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera.

Eustatek azaldu duenez, 2020an gizonen bizi-itxaropena 80,7 urtekoa zen, eta emakumeena 86,3 urtekoa. Koronabirusak eragindako hilkortasunaren igoera hori gertatu izan ez balitz, bizi-itxaropena 81,3 urtekoa izatera iritsiko zen gizonen kasuan, eta 86,8ra emakumeen kasuan.

Edonola ere, 2019tik 2020ra bitarteko bizi-itxaropenaren murrizketa hori urrun dago espainiar Estatuan izan duen beherakadatik; estatu mailan, gizonen kasuan, 1,3 urte jaitsi baita bizi-itxaropena, eta emakumeen kasuan, 1,2 urte. Espainiakoa da Europar Batasuneko herrialdeetan izan den beherakada handienetakoa.

Azken mende erdian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizonen eta emakumeen bizi-itxaropenak gora egin du, gorabeherak aparte. 1976ko adierazleei erreparatuta (69,6 urte eta 76,9 urtekoa zen bizi-itxaropena gizonentzat eta emakumeentzat, hurrenez hurren), emakumeen bizi-itxaropenak 9,4 urte egin du gora, eta gizonenak 11,1 urte.

Gizonek hiru hilabete bizitza irabazi dituzte urteko, 80,7 urtera iritsi arte; emakumeek, berriz, 2,6 hilabete gehiago, 86,3 urtera arte. Bi sexuen bizi-itxaropenen arteko aldea 5,6 urtera murriztu da, duela 25 urteko 8,7ko maximotik.

Tumoreak dira bizi-itxaropenaren mehatxu nagusia. Haiek erabat ezabatzea lortuko balitz, gizonak 4,1 urte gehiago biziko lirateke eta 2,8 urte gehiago emakumeak.

Apalagoak dira kanpoko heriotza-arrazoiek eragindako jaitsierak; horiek bataz beste 10 hilabete murrizten dute gizonen bizitza eta 4 hilabete emakumeena. Trafiko istripuen eraginak hilabete murrizten du gizonen batezbesteko bizi-itxaropena, eta eragina hutsala da emakumeengan. Covid-19ak eragindako heriotzak kontuan hartu edo ez, azken bi egoera horien kopuruak ez dira aldatzen.

Ugalkortasuna "oso maila baxuetan"

Eustatek azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ugalkortasuna "oso maila baxuetan" dago; izan ere, 2020an, bataz beste 1,2 jaiotza izan dira emakumeko, Europar Batasunean 1,53 jaiotzakoa da batezbestekoa (azken datua, 2019). EAEn 1976an bataz beste izandako 2,7 jaiotzetatik eta belaunaldien arteko ordezkapenerako beharrezkoak diren 2,1 jaiotzetatik "oso urrun" dago, gaur egun, ugalkortasuna. Indizerik baxuena Bizkaian izan da, 1,15 jaiotza izan baitira emakumeko; Araban 1,29 izan dira, eta Gipuzkoan 1,26.

Fenomeno demografikoak aztertzeko adierazleen datuetan oinarrituta, emakume bakoitzak bataz beste 0,61 haur izango dituela aurreikusten da; horrek esan nahi du emakumeen herenak ez lukeela ondorengorik izango; 0,44  haur bigarren jaiotzak lirateke eta 0,15 hirugarren edo ondorengo haurrak.

Hau da, azken kasu horretan, hamar emakumetik bik baino gutxiagok izango lukete hirugarren edo ondorengo haurrik, hau da, 1976ko kopurua baino % 81 gutxiago, Eustatek zehaztu duenez.

EAEko emakumeen ugalkortasunaren beste ezaugarrietako bat amatasunerako batez besteko adin altua da: 33 urtekoa, Europar Batasuneko batezbestekoa baino 2 urte gehiago (azken datua, 2019) eta 1976an baino 4,4 urte gehiago.

Araban da txikien ama izateko batezbesteko adina, 32,4 urte, Bizkaian 33,1 urterekin izaten dira ama emakumeak eta Gipuzkoak 33 urterekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Eustat gaur