Gizartea -

Gipuzkoa

Gizon bat atxilotu dute Elgoibarko San Lorenzo ermita inguruan hiru emakumeri eraso egiteagatik

Emakume bat Mendaroko Ospitalera eraman behar izan zuten, eta beste bat tokian bertan artatu zuten. 44 urteko atxilotua epailearen esku utzi dute asteazken honetan.

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

44 urteko gizon bat atxilotu dute Elgoibarren (Gipuzkoa), hiru emakumeri objektu batekin eraso egitea egotzita. Biktimetako bat Mendaroko Ospitalean artatu behar izan zuten, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Gertakariak 17:30 aldera jazo ziren asteartean, San Lorenzo ermita inguruan. Gizon batek emakume talde bati eraso zion kalean.

Emakumeetako bat ospitalera eraman behar izan zuten, eta beste bat tokian bertan artatu zuten.

Atxilotua epailearen esku utzi dute asteazken honetan.

Elgoibarko Udalak "gaitzespen irmoena" azaldu du asteazken honetan, bart Sallobente-Ermuaran auzoan hiru emakumeren aurka egindako erasoaren aurrean. Udalak elkartasuna adierazi die emakumeei eta haien hurbilekoei ohar batean."Sallobente-Ermuaran auzoa, herriko hamaika emakumeren aisialdirako espazioa da", azaldu du erakundeak.

"Honek guztiak izugarrizko kaltea sortzen du jendartean. Emakumeen buruetan beldurra oso presente dago: beldurra kirola egitera kalera irtetean, beldurra iluntasunean bakarrik ibiltzean, beldurra festa gau baten ondoren etxera itzultzean, beldurra amaren aldetik alaba etxera bakarrik itzultzen delako, beldurra gauez oinez joan baino taxi bat hartzea nahiago duen nerabeak, beldurra autobus batean begiratua sentitzen den emakumeak…", salatu du.

Azkenik, "beldur edo beldur sentsazio hori gutxitan partekatzen dute gizonek. XXI. mendean garatutako gizarte batean bizi arren, kalean mugitzeko askatasun-marjina ez da berdina mutila edo neska bazara", gogorarazi du.

Diario Vasco-k jakitera eman duenez, ageriko arrazoirik gabe, atxilotuak hiru emakumeen aurka egin zuen soka batekin. Sokaren bi muturretan torloju eta metalezko zirrindola bat lotuta zituen erasotzaileak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Elgoibar Gizartea Eguneko albisteak Albisteak