Gizartea -

Koronabirusa

Covid kasu berriak EAEn 3.588ra igo dira eta intzidentzia 1.344 kasuraino heldu da

Ospitaleetako egoerak bere horretan jarraitzen du: 292 pertsona daude gela arruntetan eta 97 zainketa intentsiboetako unitateetan. Atzo 20.768 proba diagnostiko egin zituzten, % 17,2ko positibotasunarekin, Osasun Sailak emandako datuen arabera.

Jendea Bilboko kaleetan. Argazkia: EITB Media.
Jendea Bilboko kaleetan
Jendea Bilboko kaleetan. Argazkia: EITB Media.

N. B. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik eguneko positiboen marka berri bat hautsi du azken orduetan, kasu berriak 3.588ra igo baitira, hau da, bezperan baino 877 gehiago, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua ere pandemia osoko maximora heldu da, 1.344,31 kasurekin, atzo baino ia 100 kasu gehiago.

Atzo, asteartea, 20.768 proba diagnostiko egin zituzten, eta 3.588 infekzio berri atzeman zituzten, hau da, % 17,2ko positibotasuna, Osasun Sailak emandako datuen arabera.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, astearte honetan 292 covid gaixo zeuden ospitaleratuta, astelehenean baino lau gehiago, eta beste 97 ZIUetan, aurreko eguneko 101 pertsonen aldean.

Asistentzia-presioaren beherakada txiki horrek ez du esan nahi ospitaleetako egoera hobetu denik; izan ere, atzo bertan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu zuen goranzko joera "argia" izan dela azken hilabeteetan.

Hala, adibide gisa jarri zuen urriaren 7an astean 78 ospitaleratze zeudela, azaroaren 20an 207ra igo zirenak eta azken egunetan 304ra iritsi direnak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea