Gizartea -
Amaia Azkueren epaiketa
10 urteko zigorra eta urruntze agindua eskatuko du akusazioak
Defentsak deitutako lekuko berrien deklarazioekin ekin diote epaiketari astearte honetan. Akusazioaren arabera, lokarria bertan zegoela baieztatu dute, eta epaiketa datozen orduotan buka liteke.
Erredakzioa
Datozen orduotan gera liteke epaiaren zain Amaia Azkueren hilketa argitzeko epaiketa. Asteleheneko etenaldiaren ondoren, astearte honetan entzun dituzte defentsak deituriko lekuko berrien deklarazioak.
Epaitegian izan dira Amaiaren gorpua altxatu zuen epailea, bere idazkaria, lekua arakatu zuten Ertzaintzako agenteak, autopsia egin zuen medikua eta gorpua Ibai Eder urtegitik atera zuten hiru suhiltzaileak, besteak beste. Defentsak lekuko berri hauen deklarazioa eskatu du, akusatuaren errugabetasuna azaldu nahian, baina, akusazioaren abokatuaren arabera, guztiek garbi utzi omen dute Amaiaren gorpua akusatuaren zapatilen lokarriekin lotuta zegoela, defentsak azken momentuan zalantzan jarritakoa. Gaurko lekukoak entzun ondoren, orain arte eskatutako hamar urteko kartzela zigorra berretsi du Castellesek (Fiskaltzak ere zigor hori eskatzen du), eta akusatuarentzat urruntze agindua ere eskatuko du: Bai Getariatik eta Zarauztik (Amaiaren alarguna eta alabak babesteko); eta baita Oriotik ere, anai arrebak babesteko.
Datozen orduotan utzi nahi dute sententziarako prest.