Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadik marka berria hautsi du, 4.700 covid-19 kasu baino gehiago izan baitira egun batean

Euskal Autonomia Erkidegoan hilabete pasatxoan 10 aldiz biderkatu da positibo berrien kopurua. Presio asistentziala altua da oraindik, baina nahiko egonkorra: 101 pertsona kritiko eta 285 ospitaleratu daude gela arruntetan.

Gente en la calle. Foto: EFE.
Gente en la calle
Birusaren hedapena, kontrolik gabe Euskadin

1:19

N. B. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik marka guztiak hautsi ditu, covid-19aren 4.744 positibo berri izan baititu azken orduetan, bezperan atzemandakoak baino 1.156 kasu gehiago, % 32ko igoera egun bakarrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiari buruz emandako azken buletinaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoan hilabete pasatxoan hamar aldiz biderkatu da positibo berrien kopurua; izan ere, azaroaren 15eko datuen arabera, 434 pertsona zeuden covid-19arekin Euskadin. Azken astean bakarrik, 19.684 pertsonak eman zuten positibo koronabirusean.

Asteazken honetan, Osakidetzak 24.832 proba diagnostiko egin zituen, eta proba guztien % 19,1ek eman zuen positibo, orain arte inoiz lortu ez den positibotasuna.

Pandemiaren bilakaera honekin, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 1.500 kasura hurbiltzen da, 1.495,3ra iritsi baita, hau da, 151 kasu gehiago 24 ordutan soilik.

Lurraldez lurralde aztertuta, 14 eguneko intzidentzia metatua 1.824 kasukoa da Gipuzkoan, 1.478koa Araban eta 1.257 kasukoa Bizkaian.

Asistentzia-presioa altua da oraindik, baina nahiko egonkorra; izan ere, atzo 101 paziente kritiko zeuden ZIUetan, bezperan baino lau gehiago, baina aste honetako astearteko berberak, eta 285 pertsona daude gela arruntetan, hau da, asteazkenean baino zazpi gutxiago.

R0aren bilakaerak ere okerrera egin du, eta 1,43koa da Euskadin. Datu horren gainetik dago Bizkaia (1,53) eta azpitik Araba (1,25) eta Gipuzkoa (1,17).

20-29 urteko adin-taldeak 14 eguneko intzidentzia metatu altuena du, 2.366 kasu 100.000 biztanleko; positibo berri gehien, berriz, 40-49 urtekoen taldeak izan ditu, 970 kasu azken orduetan.

Osasun Sailak jakinarazi du, halaber, gaur egun 12 urtetik gorako EAEko biztanleen % 92,5ek covid-19aren aurkako txertoaren dosi bat jaso dutela gutxienez, eta % 91,4k immunizazio osoa dutela.

Joan den astean txertaketa-kanpainan sartu ziren 5 eta 11 urte bitarteko haurrei dagokienez, lehen ziztada jaso dute jada 28.769 haurrek, hau da, adin-tarte horretako haur guztien % 19,8k.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea