Gizartea -
3 hilabeteren ondoren
Egun bat falta da La Palmako sumendia ofizialki itzalitzat emateko
Datuek La Palmako sumendiaren erupzio prozesuaren neke zantzuak berresten jarraitzen dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Datuek, bai gainazalean zuzenekoak, bai zaintza-sistemetatik datozenak, La Palmako sumendiaren erupzio-prozesuaren neke-zantzuak berresten jarraitzen dute. Hala ere, erupzioaren amaierak ez du esan nahi fenomeno bolkanikoari lotutako arriskuak bukatu direnik, ezta Cumbre Viejako suspertze magmatikoa bukatu denik ere.
María Jose Blanco Kanarietako Institutu Geografiko Nazionaleko zuzendari eta Batzorde Zientifikoko bozeramaileak jakinarazi duenez, erupzio-prozesua amaituta dagoela esan ahal izateko, erregistratutako eta ikus daitezkeen datuak beste egun batez mantendu behar dira egungo mailetan.
Bestalde, Miguel Angel Morcuende Pevolcako zuzendari teknikoaren esanetan, oraindik ere gune "oso beroak" daude. Izan ere, kamera termikoek 180ºC-tik gorako tenperaturak jaso dituzte zenbait puntutan.
Erupzioa amaitu ondoren Pevolca zenbat denboraz egongo den indarrean galdetuta, Miguel Angel Morcuendek esan du planak indarrean jarraituko duela desgasifikazioak eta gas kaltegarrien zirkulazioak pertsonei eragindako arazoek irauten duten bitartean. Era berean, oraindik oinarrizko zerbitzuak birgaitzeko fase bat dagoela azpimarratu du, eta ezartzen jarraitu beharko dela. Nolanahi ere, Julio Perez Kanarietako Gobernuko Presidentetza, Justizia eta Segurtasun kontseilariak eta Pevolcako zuzendariak bihar emango du gaiaren berri.
Sumendiak kaltetutako 560 pertsona daude hoteletan, atzo baino hiru gehiago. Gainera, mendekotasuna duten 43 pertsona uharteetako zentro soziosanitarioetan daude.