Gizartea -
Tolosako tiroketa
Sarkozyk mendekurik ez hartzeko eskatu die herritarrei
Eliseon egindako agerraldi labur batean herritarrei batuta egoteko deia egin die eta gertatutakoa erlijio gaiekin ez lotzeko eskatu die Sarkozyk.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Tolosako eta Montaubango gertakarien ostean mendekurik ez hartzeko eskatu die herritarrei, "terrorismoak ez duela herrialdea zatituko" erakusteko.
Eliseoko Jauregian, Frantziako presidentziaren egoitzan, egindako agerraldi labur batean herritarrei batuta egoteko deia egin die eta gertatutakoa erlijio gaiekin ez lotzeko eskatu die Sarkozyk.
Halaber, Frantziako presidenteak segurtasun indarrak zoriondu ditu ikerketan "erakutsitako azkartasunagatik" eta orain, batik bat, sarraskiko biktimak eta susmagarria inguratzeko operazioan zauritu diren agenteak dituela gogoan erantsi du.
Sarkozyk Frantziako juduen eta musulmanen komunitateetako ordezkariekin bildu eta gero egin du agerraldia. Arratsaldean Tolosara bidaiatuko duela adierazi du zauritutako bi poliziei bisita egiteko, eta ondoren, inguruan dagoen Montauban herrian joan den astean hildako hiru militarrei eskainiko dieten omenaldian parte hartuko du.
Mohamed Musaui Frantziako Musulmanen Kontseiluko presidenteak, Sarkozyrekin bildu denak, bere erlijioa "gizonezko horren indarkeriarekin lotzea" ez duela onartuko azpimarratu du.