Gizartea -

KORONABIRUSA

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua neurri bateratuak prestatzen ari dira Urtezahar egunerako

Maria Chiviteren gobernuak astelehen honetan bertan joko du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira, murrizketak ezartzeko baimen eske.

Urtezahar, Urteberri, Errege bezpera eta Errege egunerako murrizketa posibleak
Urtezahar, Urteberri, Errege bezpera eta Errege egunerako murrizketa posibleak
Hego Euskal Herriko erakundeek neurri murriztaileak hartu nahi dituzte Urtezahar egunari begira

3:8

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EGUNERATZEA: LABIk neurri berriak onartuko ditu bihar eta, ziurrenik, asteazkenean sartuko dira indarrean

Kutsatzeek gora egiten jarraitzen dute eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua neurri murriztaileak prestatzen ari dira koronabirusaren seigarren olatua geldiarazten saiatzeko. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak gaur bertan joko du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira, murrizketak ezartzeko baimen eske. 

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua hizketan ari dira, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan gisa bereko edo antzeko neurriak ezartzeko asmoz. 

Eusko Jaurlaritzak jarduera komertzial, sozial eta kultural guztiak 01:00etarako amaitzea proposatuko du. Abenduaren 31n (Urtezahar), urtarrilaren 1ean (Urteberri), urtarrilaren 5ean (Errege Bezpera) eta urtarrilaren 6an, ostera, 21:00etan bukatu beharko lukete. Salbuespen gisa, afari zerbitzua eman behar duten jatetxeek 23:30ean itxi ahalko dute. 

Urtarrilaren 1ean eta 6an establezimenduek ezingo lukete 08:00ak arte ireki.

Ostalaritzari dagokionez, barran kontsumitzea eta mahai bakoitzean hamar lagun baino gehiago elkartzea (barruan zein terrazan) debekatu nahi du Eusko Jaurlaritzak.

Gimnasio eta kirol instalazioetan, gehienez 10 pertsonako taldeak elkartuko ahalko dira. Aldagelen gehienezko edukiera % 50era murriztuko da.

Oro har, toki itxietan, edukiera % 60koa izango litzateke.

Estadioetan edo 5.000 ikusle baino gehiago hartzeko tokia duten espazioetan edukiera % 50era jaitsiko da.

Ondorengo egunetako ospakizunei begira, 10 pertsona baino gehiago eta bi familia unitate baino gehiago ez elkartzea gomendatzen du Eusko Jaurlaritzak.

Bestalde, Nafarroako Gobernua barruko edukierak murriztearen alde agertu da. Jarduera guztiak 01:00etan amaitzea nahi du eta, ostalaritzari dagokionez, barran kontsumitzea debekatu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken albisteak Urkullu Nafarroako albisteak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gabonak 2023 Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua albisteak Osasunari buruzko albisteak Nafarroako Gobernuko lehendakaria Koronabirusaren olatua gaur Nafarroako JANren epaiak