Gizartea -
Urtezahar gaua
34 sute izan dira Bizkaian, eta Donostiako Ulia mendian ere sua piztu da
Urtezahar gauerdian izan da mila metro koadro landaredi erre dituen sutea Gipuzkoako hiriburuan, eta badirudi pirotekniak eragin duela.
agentziak | eitb media
Urte berriarekin batera 34 sute izan dira Bizkaian eta baso sutea Donostiako Ulia mendian. Azken horrek mila metro koadro landaredi eta zuhaitzak kiskali ditu.
Ulia mendiko sutea gauerdian izan da, eta badirudi pirotekniak eragin duela. Efe albiste-agentziak suhiltzaileen iturriak aipatuta azaldu duenez, sasiak oso lehor zeudenez, azkar zabaldu dira sugarrak, baina 02:00etarako sutea itzaltzea lortu dute.
Bizkaian, berriz, Urtezahar gauean 34 sute izan direla jakinarazi dute suhiltzaileek sare sozialetan.
Edukiontzi batzuetan piztu dira suteak Bilbon, eta bestelakoan, sasitzetan piztu da sua, ziurrenik pirotekniaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Bizkaiko Suhiltzaileek azaldu dute etxebizitzetako suteei eman dietela lehentasuna. Hala, Gernikako etxebizitza batean piztutako sua dela eta, pertsona bat ospitalera eraman behar izan dute kea arnasteagatik.
Artikutzako suteak 10,6 hektarea kiskali ditu
Bestalde, atzo Artikutzan izandako suteak azkenean 10,6 landaredi hektarea kiskali zituen, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenaren arabera.
Sua arratsaldeko hiruak aldera piztu zen, nahita eragindako su batek kontrola galdu ostean, eta ez zuten lortu itzaltzea 23:30 arte, haizeak bitan berpiztu zuelako eta ibilgailuak ezin zirelako bertaratu.