Gizartea -
Koronabirusa
Peio Jorajuria: "Ez dugu baliabide gehigarririk, beraz, urtarrila desantolatua izango da"
Kutsatzeen zabaltzeen erdian Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereako haurrak eskolaratzeaz kezkatuta hitz egin du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak eta baliabide falta salatu du Euskadi Irratiko Goiz Kronikan.
Maitane Subijana | EITB Media
Astelehenean, urtarrilaren 3an, itzuliko dira Ipar Euskal Herriko haurrak eskolara Gabonetako oporraldiaren ostean. Covid-19aren intzidentziak gora egin du, baina protokoloa ez da eskoletan aldatu. Horregatik, "pentsatzen dugu urtarrila desantolatua izango dela", adierazi du Peio Jorajuria Seaska Iparraldeko ikastolen elkarteko presidenteak.
Ikasgela batean kasu positibo bat atzematen bada, ikasle guztiak etxeratzen dituzte; eta testa egin eta negatiboa emanez gero, banan-banan itzularazten dituzte eskolara. Gaur egungo intzidentzia mailarekin, ikasleak etengabe joan-etorrian ibiliko direla uste du Jorajuriak.
Gainera, irakasleak positibo ematen badu, etxera bidaltzen dituzte ikasle guztiak eta egoera horretan ez dutela ordezkapenik egiteko langilerik ohartarazi du Seaskako buruak. Ondorioz, urtarrila "desantolatua" izango dutela salatu du.
Murgiltze ereduaz ere mintzatu da Jorajuria, Frantziako Hezkuntza ministerioak murgiltzea babesten duen zirkularra "hauskorra" dela esan du, baina epe laburrean "nahikoa" dela.