Gizartea -
Ezbehar larria Nafarroan
79 urteko gizon bat hil da Muruzabalen, autoa errepidetik atera eta iraulita
Istripua 14:15 aldera gertatu da NA-6064 errepidean, NA-601eko bidegurutzetik 50 metrora. Biktimaren autoa errepidetik atera eta irauli egin da.
Agentziak | EiTB Media
79 urteko gizon bat hil da trafiko istripuan, Muruzabalen (Nafarroa). Biktimaren ibilgailua inplikatu bakarra izan da.
Foruzaingoak jakitera eman duenez, ezbeharra 14:15 aldera gertatu da NA-6064 errepidean, NA-601eko bidegurutzetik 50 metrora. Biktimaren autoa errepidetik atera eta irauli egin da.
Istripuaren ondorioz ibilgailuko gidari eta bidaiari bakarra hil egin da.
Txirrindulari batek larrialdi zerbitzuei abisua eman die arratsaldean. Ibilgailu bat sakan batean erorita zegoela eta, antza denez, pertsona bat barruan zela jakinarazi die.
Anbulantzia bat, Obanoseko talde medikoa, Lizarrako Foruzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu dira. Heltzean gizonaren heriotza besterik ezin izan dute baieztatu.
Ezbeharra astearte honetan edo aurreko egunetan gertatu ote den ez dakite oraingoz; izan ere, ibilgailua ez zen errepidetik ikusten.
Foruzaingoa istripuaren inguruabarrak ikertzen ari da.