Gizartea -

Koronabirusa

Osasun Publikoak 5 ikasle edo gehiago kutsatu diren ikasgelak konfinatzea aholkatu du

Azken zazpi egunetan ikasleen % 20 edo gehiago kutsatu diren ikasgelek ere itxialdia egin beharko lukete.

Haurrak eskola batean. Argazkia: Efe
Haurrak eskola batean. Argazkia: Efe
Haurrak eskola batean. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Publikoaren Batzordeak zazpi eguneko epean edo laburragoan 5 covid-19 kasu edo ikasleen % 20 kutsatuta dauden ikasgelek berrogeialdia egitea aholkatuko du.

Espainiako Osasun Ministerioak Batzordearen ostean jakinarazi duenez, Osasun Ministerioko eta erkidegoetako teknikariek adostutakoaren arabera, gehienez 4 ikaslek edo ikasleen % 20 baino gutxiagok gaitza harrapatuz gero, ez da konfinamendurik egin beharko.

Zentro gehienetan eskolak hasteko hiru egun geratzen direnean, neurri berriak ahal den heinean aurrez aurreko eskolak bermatu ahal izatea bilatzen du, prebentzio neurriak indartzearekin batera.

Osasun Ministerioaren esanetan, pandemiaren egungo egoerari egokitzeko egin dute gomendioa, eta adin tarte guztietan txertaketak aurrera egin izanak ahalbidetu du. Horrekin batera, azpimarratu dute eskolek birusaren transmisioari dagokionez "leku seguruak" direla erakutsi dutela.

Hala, eskoletan soilik bi kasutan egin beharko du itxialdia ikasgelak: 5 ikaslek baino gehiagok hartu badute gaitza zazpi eguneko epean, edo epe horretan ikasleen % 20 edo gehiago kutsatu bada. Kasu horietan, ikasleek herritar guztiei ezartzen zaien protokoloa bete beharko dute, hau da, zazpi eguneko berrogeialdia egin beharko dute txertaketa ibilbide osoa egin ez dutenek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Hezkuntza sistemako albisteak