Gizartea -
Sagardotegien denboraldia
Hau da sagardotegietarako covid-19aren protokoloa
Osasun egoerak izan dezakeen bilakaeraren zain, sagardogileek eguneratuko dituzte oraingoz iazko antzekoa den protokoloa. Nolanahi ere, murrizketak murrizketa, baikortasunez ekingo diote denboraldi berriari.
Agentziak | EITB media
2021ean bezeroek erantzun ona eman ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sagardotegiek "baikortasunez" egingo diote aurre denboraldi berriari. Denboraldi hau atipikoa izango da berriro, eserita kontsumitu beharko baita, eta sagardoa pitxerretan eta plastikozko botiletan zerbitzatuko baitute, gutxienez urtarrilaren 28ra arte, Eusko Jaurlaritzaren dekretua indarrean dagoen arte.
Sagardogileak osasun egoeraren bilakaeraren zain egongo dira, oraingoz iazkoen antzekoak diren protokoloak eguneratzen joateko.
Mahaikideek eramango dute sagardoa mahaietara, lokaleko langileen laguntzarekin, eta pitxerra betetzera altxa ahal izango dira. Pitxerrak barrika-zenbakia eta QR kodea izango ditu, informazio gehiago nahi izanez gero.
"Indarreko araudiaren arabera protokoloetara egokitzen aditu egin gara", adierazi du Olatz Mitxelena Euskal Sagardoaren ordezkariak denboraldia aurkezteko prentsaurrekoan, eta establezimenduek gozatzeko gune seguruak eskaintzen dituztela azpimarratu du.
Aurtengo berritasunen artean sagardotegi batzuek bazkari edo afarien aurretik dastaketa gidatuak egiteko eskaintzen duten aukera dago.
Gainera, Euskal Sagardoaren on line denda eta erreserba digitalen sistema martxan egongo dira.