Gizartea -

Historia

Ana Frank naziei nork entregatu zien ezagutarazi dute

Ikerketa talde batek ondorioztatu du izen handiko notario judu batek traizionatu zuela Ana Frank, bere familia salbatu ahal izateko.

Ana Frank
Ana Frank
Notario judu batek eman zuen Ana Franktarren gordelekuaren berri

1:27

AGENTZIAK| EITB MEdia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bigarren Mundu Gerraren eta juduen aurkako jazarpenaren garaiko misterio handienetako bat argitu dute astelehen honetan: Ana Frank naziei nork entregatu zien ondorioztatu ahal izan du nazioarteko ikerlari talde batek, bost urteko ikerketaren ostean. Ikerketa horren arabera, izen handiko notario judu batek egin zuen traizioa.

Hain zuzen ere, juduek Amsterdamen (Herbehereak) erabiltzen zituzten ezkutalekuen zerrenda bat entregatu ei zien notario horrek naziei, bere familiaren bizia salbatu ahal izateko. Arnold van den Bergh zuen izena.

Ana Frank salatu zuen pertsona Kontseilu Juduko kidea zen. Kontaktu ugari zituen, eta hasiera batean babesa zuen kontzentrazio-esparruetara deportatua ez izateko. Nolanahi ere, 1944an galdu egin zuen pribilegio hori, eta, etsita, hainbat juduren ezkutalekuen berri eman zien naziei, emaztea, hiru seme-alabak eta bere burua salbatzen saiatzeko.

Ikerketako froga nagusia Anaren aitak, Otto Frankek, 1946an jaso zuen eskutitz baten kopia izan da. Jatorrizko gutuna galduta dago egun, baina Amsterdameko artxiboetan kopia bat aurkitu dute.

Frank familia Amsterdameko etxe batean ezkutatu zen 1942tik 1944ra, beste lau pertsona judurekin batera. Bertan idatzi zuen Anak bere egunkari ospetsua.

1944ko abuztuan, naziek etxe horretan ezkutatuta zeuden pertsona guztiak deskubritu, eta kontzentrazio-esparruetara eraman zituzten. Bertan, hil egin zituzten gehienak. Otto Frank izan zen bizirautea lortu zuen bakarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Historia