Gizartea -

KORONABIRUSA

Osakidetzako protokolo berriak Lehen Arretako presioa arindu duela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Osasun sailburuak adierazi duenez, Lehen Arretak pertsona zaurgarrienen zaintzan jarri ahal du orain arreta.

Olagibelgo osasun etxea, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE
Olagibelgo osasun etxea, Gasteizen
Olagibelgo osasun etxea, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE

Onintza Aiestaran | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren azken protokolo aldaketaren ondotik, Lehen Mailako Arretaren lan karga zertxobait arindu dela azaldu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Neurri batean, koronabirusa hautemateko probak erdibideko guneetan egiten direlako eta bajak edo gaixo agiriak Osakidetzaren webgunearen bitartez kudeatzen direlako gertatu omen da.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Osasun sailburuak adierazi duenez, azken 18 egunetan aldi baterako ezintasuna lortzeko 85.000 eskaera baino gehiago atera dituzte Osakidetzaren webgunearen bitartez gaixo agiria kudeatzeko formularioari esker. Gaineratu duenez, egun bakar batean 7.000 eskari jaso izan dituzte modu telematikoan.

Neurri zehatz horrek Lehen Arretako profesionalen lan karga arindu duela onartu du, azpimarra pertsona zaurgarrien osasuna zaintzen jarri ahal izateko.

Osakidetzak herritarren zalantzak argitzeko telefono bidezko arreta indartu duela nabarmendu du Sagarduik. Osasun zentrora deitzean, grabazio batek dei horiek gaiaren arabera kudeatzen laguntzen du.

Osasun sailburuak beste datu bat ere eman du. Bi asteko epean milioi bat dei inguru jaso dituzte, 69.000 dei egunean, batez beste. "Horiek bideratzea lortu denez, irisgarritasuna handitzea lortu da", gehitu du. "Langileei eta deien berrantolaketari esker deitzen dutenei lehenago erantzuteko gai gara", zehaztu du.

Gainera, administrazioko 140 pertsona kontratatu ditu Osasun Sailak osasun zentroen errefortzurako.

Koronabirusari buruzko Eusko Jaurlaritzaren webgunea ere berritu du Eusko Jaurlaritzak kasu bakoitzean jarraitu beharreko pausoak azalduz.

Amaitu aurretik, Osakidetzako profesionalen eguneroko lana goraipatu nahi izan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusari lotutako azken orduko albisteak Lehen Arretako zentroak