Gizartea -

''Phishing''-a

Banketxeko datuak lapurtzeko iruzur mezuak bidaltzen ari direla ohartarazi du Ertzaintzak

Datu pribatuak eskuratutakoan, gaizkileek transferentzia bat egiten diote beste pertsona bati Bizum aplikazioaren bidez. Ertzaintzak gogorarazi du banketxeek ez dituztela inoiz datuak esteka baten bidez eskatzen, eta erne egoteko dei egin dute.

Biktimak SMS mezu bat jasotzen du, eta hor hasten da iruzurra. Argazkia: Pixabay
Biktimak SMS mezu bat jasotzen du, eta hor hasten da iruzurra.
Biktimak SMS mezu bat jasotzen du, eta hor hasten da iruzurra. Argazkia: Pixabay

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleen banketxeko datuak lapurtzeko eta horiei iruzur egiteko SMS mezuak bidaltzen ari direla ohartarazi du Ertzaintzak. Ohar baten bidez jakinarazi duenez, hainbat herritar izan dira iruzur horren biktima, eta horien datuak eskuratu ostean, diru-transferentzia bat egiten dute gaizkileek Bizum aplikazioaren bitartez.

Maula zelan egiten duten azaldu du Ertzaintzak. Herritarrak SMS mezu bat jasotzen du telefonoan, bertan ohartarazten diote "ekipo ezezagun bat" bere kontura konektatuta dagoela, eta esteka bat eskaintzen diote arazoa konpontzeko. Estekak banketxearen antzeko webgune batera eramaten du, eta biktimari bankuko kontuaren datuak eta erabiltzailea sartzeko eskatzen diote. Ziberdelitugileek datuok erabiltzen dituzte kontuan sartzeko eta iruzur egiteko. Kasu batzuetan, beste datu batzuk ere eskatu dituzte, hala nola NANa edo telefono zenbakia.

Datu guztiak eskuratuta, transferentzia bat egiten diote beste pertsona bati Bizum aplikazioaren bidez, eta, segur aski, horren identitatea ere ordezkatuta izango dute. Transferentzia baliokoa izan dadin, benetako banketxeak sms bat bidaltzen du kode batekin. Delitugileek kode hori eskatzen dute banketxeko langileen lekua hartuta, diru-transferentzia osatu ahal izateko.

Iruzur horren aurrean, Ertzaintzak azpimarratu du "oso garrantzitsua" dela "erne egotea", eta hainbat gomendio eman ditu:

- Ez sartu ustezko banketxeetatik SMS, WhatsApp edo posta elektroniko bidez iristen diren esteketan. Finantza erakunde ofizialek ez dizute inoiz eskatuko esteka batean sartzeko zure kontuen segurtasuna berriz ezartzeko.

- Halako mezu bat jasoz gero, oso garrantzitsua da banketxearekin telefonoz harremanetan jartzea benetakoa den egiaztatzeko, aldez aurretik zenbakia egiaztatu ondoren.

- Halako mezu bat jasotakoan, salaketarik jarri nahi ez baduzu, komeni da Ertzaintzari eta dagokion banketxeari jakinaraztea prebentzio-neurriak har ditzan.

- Inoiz ez birbidali plataformetatik telefonoan jasotako kodeak; izan ere, transferentziak osatzeko delitugileek behar duten bigarren autentifikazio-datua dira.

- Gauza bera gerta liteke WhatsApp kontuekin, modu horretara lapurtu baititzakete.

- Inoiz ez bidali agirien kopiarik ezezagunei; izan ere, beste identitate faltsu batzuk sortzeko, bankuko kontuak irekitzeko, kredituak eskatzeko, telefoniako kontratuak egiteko eta beste hainbat gauzatarako erabil ditzakete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Euskal Autonomia Erkidegoa Kutxabank Delituak Iruzurrak berriak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea