Gizartea -

Polizia operazioa

20 pertsona inguru atxilotuta Frantzian, Tolosako hilketen ostean

Atxilotutakoei islamiar erradikalak izatea egozten diete. Gehienak Tolosan eta Nantesen atzeman dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak 20 pertsona inguru atxilotu ditu gaur goizaldean, gehienak Tolosan eta Nantesen, talde jihadista batekin lotura izatea egotzita, BFMTV telebista-kateak jakinarazi duenez.

Aipatu iturrien arabera, atxiloketek ez dute lotura zuzena Mohamed Merah Tolosako eta Montaubango hiltzailearekin.

Operazioan espioitza zerbitzuek eta RAID Poliziako indar bereziek hartu dute parte, eta herrialdeko talde erradikal batzuk desegitea du helburu.

'Le Figaro' egunkariak azaldu duenez, atxiloketak "Forsane Alizza" talde jihadistarekin lotuta daude. Barne Ministerioak desegintzat jo zuen otsailaren 29an, eta Nantesen aritzen zen batik bat.

Hasieran, ikertzaileek uste zuten Merahk lotura zuela talde horrekin, baina ondoren baztertu egin zuten.

Nolanahi ere, Nicolas Sarkozy presidenteak talde islamiar guztiak sakon ikertzeko agindu zuen, Tolosako eta Montaubaneko hilketen ostean (zazpi pertsona hil zituen Merahk orotara).

Orain, Merahk laguntzarik izan zuen aztertzen ari dira poliziak.

Abdelkader Merah, Tolosako hiltzailearen anaia, atxilotuta dago eta hiltzailearekin kolaboratzea egotzi diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea