Itxi

Gizartea

mugikortasuna

Patineteek zirkulazio agiria izan beharko dute 2024tik aurrera

agentziak | eitb media

2024ko urtarrilaren 22tik aurrera merkaturatuko diren mugikortasun pertsonalerako ibilgailuek, patineteek tartean, zirkulazio agiria izan beharko dute. Hala jaso du MPIen ezaugarri teknikoen eskuliburu berriak.

  • Gizon bat, patinete elektrikoan ibiltzen. Artxiboko argazkia: EITB Media

    Gizon bat, patinete elektrikoan ibiltzen. Artxiboko argazkia: EITB Media

2024ko urtarrilaren 22tik aurrera merkaturatuko diren mugikortasun pertsonalerako ibilgailuek (MPI), patineteek tartean, zirkulazio agiria izan beharko dute, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) ebatzi duenez.

Ostiral honetan argitaratu dute Mugikortasun pertsonalerako ibilgailuen ezaugarri teknikoen eskuliburua. Bertan arautzen dituzten elementuen artean daude balazta-sistemak, katadioptrikoak, ohartarazle akustikoa, gurpilak, identifikatzailea eramatekoa edota aparkatzeko egonkortze-sistema, espaloian botatako patineterik ez topatzeko.

Jorge Ordas DGTko mugikortasun eta teknologia zuzendariordearen arabera, eskuliburuaren xedea da, "batez ere, bideko segurtasuna bermatzea eta MPI bat gidatzen ari den herritarra babestea, bidea harekin partekatzen duten gainerako erabiltzaileekin batera".

DGTk adierazi duenez, azken urteotan gero eta ohikoagoa da Espainiako hirietan horrelako ibilgailuak ikustea eta, besteak beste, hirietako mugikortasuna eraldatzen ari den errealitatea da. Estimazioen arabera, milioi batetik gora MPI ari dira egunero hirietatik zirkulatzen.

Gogorarazi du 2020an mugikortasun pertsonalerako ibilgailuen 8 erabiltzaile hil zirela. Era berean, 97 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten zaurituta, eta 1.097 zauritu ziren guztira, ospitaleratu gabe.

Eskuliburuak eskatuko dituzten ezaugarri teknikoak jasotzen ditu, horrelako ibilgailuen sailkapena eta ezaugarri horiek egiaztatzeko egin behar zaizkien probak. Bestalde, fabrikatzaileak zein baimendutako ordezkariak behartu egiten ditu marka, modelo eta bertsio zehatz baterako zirkulazio agiria izatera.

Gainera, berritasunetako bat da ez dituztela garraio pertsonalerako ibilgailuek bete beharreko baldintza teknikoak bakarrik jasotzen. Salerosgaiak eramatera eta bestelako zerbitzuetara bideratutako MPIen masak eta neurriak ere jasotzen ditu ebazpenak.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena