Gizartea -

Indarkeria matxista

Gaur hasiko da Gipuzkoako ustezko serie-bortxatzailearen aurkako epaiketa

Akusatua 2019ko uztailaren 19an atxilotu zuten Beasaingo emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. 2012tik 2019ra egindako 6 bortxaketa salaketa jaso ditu.

Elkarretaratzea Beasainen. Argazkia: EITB
Elkarretaratzea Beasainen. Argazkia: EITB
Elkarretaratzea Beasainen. Argazkia: EITB

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, urtarrilaren 24an, hasiko da 2019ko uztailaren 19an Lazkaon atxilotu zuten ustezko serie-bortxatzailearen aurkako epaiketa Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Urte hartako uztailaren 13an Beasaingo emakume batek jasandako sexu-erasoaren ostean hasi zen ikerketa, eta kasu hori izango da, hain zuzen ere, epaituko duten lehena.

80 lekukok eta adituk baino gehiagok deklaratuko dute datozen bi asteetan aipatu sexu-erasoari buruzko epaiketan. 34 urteko gizonezkoa kasu horren harira atxilotu zuten, baina sexu delitu gehiago ere leporatzen dizkiote.

Gaurtik aurrera egingo diren hamar auzi saioetan, otsailaren hasierara arte, 2019ko uztailaren 13ko gertakaria ikertuko dute.

Sexu-erasoa

Fiskaltzaren akusazio idatziaren arabera, aipatu egun horretako goizaldean, ustezko erasotzailea biktimaren etxebizitzako eskaileretan ezkutatu zen, "beltzez jantzita eta aurpegia estalita", eta lanera joateko etxetik atera arte zain geratu zen. Une horretan, "atzetik" helduta, etxebizitzan sarrarazi zuen, paretaren kontra bultzatu zuen, eta kloroformoz bustitako trapu bat jarri zion ahoan "gasaren ondorioz" konortea gal zezan.

Ondoren, emakume gaztea ohean etzanda esnatu zen, baina lo itxurak egiten ari zela, gizonak harrapatu egin zuen, eta berriro jarri zion trapua aurpegian. Berriro esnatu zenerako, erasotzailea etxetik alde eginda zegoen, eta oinetakoak eta prakak kendu zizkiola ohartu zen.

Segidan, lankide baten deia jaso zuen, horri jakinarazi zion bortxaketa baten biktima izan zela, eta Ertzaintza bertaratu zen laguntzera.

Sexu-erasoaren ondorioz, emakumeak "indarkeriaz egindako lesioak" zituen sorbaldetan, bularraldean, belaunetan eta genitaletan, eta psikologikoki "oso jota" geratu zen.

24 urteko espetxe-zigor eskaera

Fiskaltzak, akusazio partikularrak (biktimak) eta herri-akusazioak 24 urteko espetxe-zigorra eskatzen dute erasotzailearentzat.

Ertzaintzaren ikerketari esker, akusatua Gipuzkoan 2012tik aurrera izandako beste sexu-eraso batzuekin lotzea lortu zuten.

Gehienetan jokatzeko modu berbera izan omen zuen erasotzaileak, asteburuetan edo jaiegunetan egiten baitzituen erasoak pipermin aerosolekin edo kloroformoarekin biktimak lokartu eta bortxatzeko.

Kasu horietako lau aurki epaituko dituzte bi epaiketatan. Lehenengoan, 28 urteko kartzela-zigorra eskatuko dute Anoetan, Andoainen eta Tolosan egozten dizkioten bortxaketa eta sexu-eraso saiakerengatik. Bigarrenean, Lasarte-Orian izandako bortxaketa baten harira, Ministerio Publikoak 11 urteko espetxe-zigorra eskatuko du.

Antzeko beste kasu bat aztertzen ari dira oraindik, epailearen esku utzi aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Lasarte-Oria Andoain Beasain Albisteak Matxismoa Sexu erasoak