Gizartea -

Koronabirusa

94 pertsona hil dira Euskadin azken astean covid-19ak jota

3.223 positibo berri atzeman dituzte azken egunean, eta 14 eguneko intzidentzia metatua atzo 4289,56 kasukoa zen.

Erizain bat gazte bati PCR proba egiten. EFEren artxiboko irudia
Erizain bat gazte bati PCR proba egiten. EFEren artxiboko irudia
Erizain bat gazte bati PCR proba egiten. EFEren artxiboko irudia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken astean 94 pertsona hil dira Euskadin covid-19aren ondorioz, urtarrilaren 10etik 16ra bitarteko astean baino 16 gehiago, eta kopururik handiena ia urtebetean. Pandemia hasi zenetik 5.392 pertsona hil dira Euskadin koronabirusagatik, horietatik 70 urtetik gorako 4.685 pertsona.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiak autonomia erkidegoan izan duen bilakaerari buruzko datuak eguneratu ditu astelehen honetan; izan ere, kutsatzeen kopuruak eta intzidentzia metatuak behera egin dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ospitaleek, berriz, tentsionatuta jarraitzen dute, aurreko astean bezala, 112 pertsona zainketa intentsiboetako unitatean baitaude (aurreko buletinan baino hamar gutxiago) eta 730 gela arruntetan (aurrekoan 718 ziren).

Koronabirusa duten pazienteen eguneko ospitaleratze kopuruak hobera egin du; izan ere, atzo 64 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, baina egia da igandeetan asteko gainerako egunetan baino ospitaleratze gutxiago erregistratu ohi direla. Edonola ere, eguneko ospitaleratzeen kopuru hori urtarrilaren 1etik izandako txikiena da. Ildo horretan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du Euskadiko ospitaleratzeak "% 25 jaitsi" direla astebetean.

Asteko positiboen kopurua nabarmen jaitsi da, eta, era berean, eragin handia izan du proba gutxiago egin izanak. Joan den astean 34.824 covid positibo diagnostikatu zituzten, zazpi egun lehenago kopuru hori 60.000ra hurbildu zenean.

Igande honetan 3.223 positibo berri detektatu dituzte, testa egin dutenen % 41,9. Positibotasun tasa hori hilabete osoko handiena da.

14 eguneko intzidentzia metatuak ere behera egiten jarraitzen du, urtarrilaren 11n goia jo baitzuen, 100.000 biztanleko 7.038,61 kasurekin. Hortik aurrera, behera egin du, eta atzo 4289,5 kasukoa zen.

Lurraldez lurralde aztertuta, intzidentzia okerrago dago Araban, 14 egunetan 4.636 kasu izan baitira. Ondoren, Gipuzkoa (4.461) eta Bizkaia (4.003 kasu) daude.

Birsorkuntza-indizeak (R0) eta tasen arrazoiak 1etik behera jarraitzen dute. Hala ere, atzo birsorkuntza-indizeak 0,73tik 0,78ra igo zen. Indize hori hiru lurraldeetan igo da azken egunean: 0,69tik 0,75era Araban, 0,73tik 0,79ra Bizkaian eta 0,75etik 0,79ra Gipuzkoan.

Sailburuak azpimarratu du hainbat adierazlek erakusten dutela pandemiaren joera aldaketa. Hala ere, Sagarduik zuhurtzia eskatu du, "jaitsiera motela baita eta positibo ugari baitaude oraindik".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Txertoak Donostia Unibertsitate Ospitalea Txagorritxu Ospitalea albisteak Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea albisteak Osasun larrialdia Covid pasaportea