Gizartea -
Emakumeen eskubideak
Abortuaren aurkako kartelak hiriko markesinetatik kenduko dituzte Gasteizen
"Abortu kliniken aurrean otoitz egitea bikaina da" lelo nagusi dute bost markesinatan jarritako kartelek. EH Bilduk, Elkarrekin Gasteizek eta Clara Campoamor elkarteak kartelak kentzea eskatu zuten.
Agentziak | EiTB Media
Hiriburuko bost markesinatan jarritako abortuaren aurkako kartelak kentzeko agindua eman du Gasteizko Udalak. Elkarte katoliko bat Espainiako Estatuko 33 hiritan aurrera eramaten ari den kanpaina da.
"Abortu kliniken aurrean otoitz egitea bikaina da" lelo nagusi dute bost markesinatan jarritako kartelek. EH Bildu eta Elkarrekin Gasteiz Udalbatzako talde politikoek eta Clara Campoamor emakumeen eskubideak defendatzeko elkarteak kartelak kentzea eskatu zuten dagoeneko.
Era berean, Irene Montero Berdintasun ministroak kanpaina kritikatu zuen iragan ostiralean. "Edozein erakunde erlijiosoren kide izateko oinarrizko eskubidea bermatu behar da, baina ezin da erabili emakumeek euren gorpuen gainean erabakitzeko eskubidea urratzeko", argudiatu zuen ministroak.
Polemikaren ondorioz, Udal Gobernuak Emakunderi txosten bat egiteko eskatu zion, markesinetako publizitatea kudeatzen duen enpresari egin beharreko eskakizuna oinarritzeko.
Txostena astelehen honetan eman dute jakitera. Kanpainarekin "emakumeen sexu eta ugalketa osasuna babesteko eskubidea urratzen ari dira, baita intimitate pertsonal eta familiarrerako oinarrizko eskubidea eta osotasun fisiko eta morala ere", ondorioztatu du Emakundek.
Txostena "erabakigarria izan da prozesuan", eta kartelak kentzea eskatzera eraman du Udala. Iragarkiak kentzeko lanari hasiera eman diote dagoeneko, Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.
Horrela, Gasteizek Murtziarekin bat egin du; izan ere, han enpresak urtarrilaren 21ean kendu zituen kartelak. Kordobako Udalak, aldiz, ez du kanpaina bertan behera utziko, publizitate araudia urratzen ez duela argudiatuta.
Ildo beretik, Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkateak iragan astean defendatu zuen Udalak ez duela iragarkia jartzen duenaren iritzia epaitzeko eskumenik, eta adierazpen askatasuna lehenetsi behar dela uste du.