Gizartea -
Bizkaia
Mutil gazte bat atxilotu dute Ortuellan, exhibizionismo delitua egotzita
Bizkaiko aipatu udalerriko autobus geltoki batean zakila erakutsi zion asteazken arratsaldean adingabe bati.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak 27 urteko gazte bat atxilotu du Ortuellan, ikastetxe batetik gertu adingabe bati zakila erakusteagatik.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Bizkaiko aipatu udalerriko autobus geltoki batean zegoen adingabea asteazken arratsaldean, mutila gerturatu zitzaionean.
Ibilgailu bat bere aurrean gelditu zen, eta bidaiariak hankartea erakutsi zion. Neskatoak aldamenean zeukan pertsona bati kontatu zion gertatutakoa, eta mutilak handik alde egin zuen.
Ertzaintzak salaketa jaso zuen, eta handik gertu zeuden agente batzuek autopistara bidean aurkitu zuten gaztea. Autoa gelditu, eta gidaria atxilotu zuten, exhibizionismo delitua leporatuta.