Gizartea -
Hiesa
GIBaren aurkako ARNm txertoa gizakietan probatzen hasi dira Moderna eta IAVI
Ikerketa AEBko lau zentrotan egiten ari dira; zentroek GIBik gabeko 56 boluntario osasuntsu lagin bezala hartuko dituzte. "ARNm teknologiak aukera aparta eskaintzen du mundu osoan ase beharreko osasun publiko beharrizan kritikoei heltzeko", adierazi du Modernako presidenteak.
Agentziak | EiTB Media
IAVI irabazi-asmorik gabeko zientzia ikerketa erakundeak eta Moderna konpainiak ostegun honetan iragarri dutenez, ARNm teknologiaren bidez GIBaren aurkako antigeno txerto esperimentalaren lehen dosiak jartzeko I fasearen entsegua martxan jarri dute.
Ikerketa AEBko lau zentrotan egiten ari dira; zentroek GIBik gabeko 56 boluntario osasuntsu lagin bezala hartuko dituzte. Horietako 48k ARNm-1644 dosi bakarra edo bi jasoko dituzte, eta horietako 32k ARNm-1644v2-Core, sendotzeko dosia. Gainerako zortzi boluntarioek bigarren dosia soilik hartuko dute.
Ondoren partehartzaileen erantzun immunitarioa xehetasun molekularrarekin aztertuko dute, txertoek helburuak bete ote dituzten egiaztatzeko. Gainera, boluntarioen segurtasuna kontrolatuko dute, azken txertoa hartu eta ondorengo sei hilabeteetan zehar.
"IAVIrekin eta Bill eta Melinda Gates Fundazioarekin elkarlanean aritzeagatik oso kontent gaude, GIBaren esparruan gure ARNm teknologia aplikatzeko. Modernan uste dugu ARNm teknologiak aukera aparta eskaintzen duela mundu osoan ase beharreko osasun publiko beharrizan kritikoei heltzeko", adierazi du Stephen Hoge doktoreak, Modernako presidenteak.
"Uste dugu IAVIrekin eta Scripps Researchekin elkarlanean GIBaren aurkako txerto programak aurrera egitea pauso garrantzitsu bat dela, gizakien osasuna hobetzeko orduan, ARNm-ren gaitasuna aprobetxatzeko", erantsi du Hogek.
Bestalde, Mark Feinberg IAVIko presidente eta zuzendari exekutiboak esan duenez, "zeharo hunkituta daude GIBaren aurkako txertoen diseinuan norabide berrian aurrera egitearekin, Modernako ARNm plataformaren bidez".