Gizartea -

Hizkuntza eskubideak

Foru dekretu berriak ez du euskara meritu gisa hartuko Nafarroako eremu ez euskaldunean

Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen zirriborroan jaso dutenez, euskara ez da meritu gisa hartuko eremu ez-euskaldunean, eta mistoan, soilik lanpostu batzuetan balioko du.

Tutera Erriberako hiriburua, eremu ez euskalduna. Koldo Larumbe EiTB Mediako erabiltzailearen irudia
Tutera Erriberako hiriburua, eremu ez euskalduna. Koldo Larumbe EiTB Mediako erabiltzailearen irudia
Tutera Erriberako hiriburua, eremu ez euskalduna. Koldo Larumbe EiTB Mediako erabiltzailearen irudia

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan, administrazioan euskararen erabilera arautzeko foru dekretu berriak ez du euskara meritu gisa hartuko eremu ez euskaldunean, ezta eremu mistoko zenbait lanbidetan ere, hala biltzen du Funtzio Publikoaren Mahaian aurkeztutako proposamenak.

Lau eta sei hilabete barru nahi luke indarrean dekretu hau Chiviteren Gobernuak, baina Exekutiboko bazkideen arteko desadostasunak agerikoak dira, baita hainbat sindikaturenak ere.

Gobernuak aurkeztu duen zirriborroan jaso dutenez, euskara ez da meritu gisa hartuko eremu ez euskaldunean eta mistoan, soilik lanpostu batzuetan balioko du, bereziki herritarrentzako zuzeneko arreta berezia duten lanbideetan, hori bai, dagokien herritarrekiko arreta edo tratu-mailaren arabera.

Dekretu honek, kontrara, frantsesa, ingelesa eta alemana baloratuko ditu, erkidego osoan.

Mahaia osatzen duten zenbait sindikatuk desadostasuna agertu dute, foru dekretu hau "atzerapausoa" dela argudiatuz eta euskararen zonifikazioa "betikotzen" duela esanez.

Foru dekretu berria indarrean sartzeko lehen urratsa da. Sindikatuek orain 15 eguneko epea dute alegazioak aurkezteko.

ELA sindikatuak salatu duenez, "euskara gutxiesten du" dekretuak. Sindikatu abertzaleak ohar batean azaldu duenez, testua irakurrita, Administraziora sartzeko deialdietan, "euskara ez da meritu izanen eremu ez euskaldunean, eta zonalde mistoan lanpostu zehatz batzuetan bakarrik".

ELAren hitzetan, "euskara, hizkuntza nafar gisa, Foru Erkidego osoan kontuan hartu behar dute. Printzipio hori errespetatzen ez duen araudi orok herritar euskaldunak gutxiesten ditu".

Ondorioz, dekretu berria euskararen normalizazioan atzerapauso bat dela uste du ELAk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika PSN Geroa Bai Nafarroa ELA Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua