Gizartea -
Migrazio-krisia
Aita Mari portu seguru baten zain dago Mediterranioan erreskatatutako 176 migratzaileak lehorreratzeko
Erreskatatutakoen artetik, 23k positibo eman dute koronabirus proban. Lampedusatik gertu dago itsasontzia, eguraldi txarretik babestu nahian.
agentziak | eitb media
"Aita Mari" itsasontzi humanitarioan dauden 176 migratzaileak ondo daude osasunez eta portu seguru batetan lehorreratzeko zain daude, Lampedusatik gertu.
Itsas Salbamendu Humanitarioak kudeatzen du itsasontzia, eta Izaskun Arriaran presidentea bertan dago. Hedabideei bidalitako bideo batean azaldu duenez, migratzaileak onik daude, baina koronabirusaren probak egin dizkiete, eta 23k positibo eman dutenez, isolatu egin dituzte.
Itsasontzia Lampedusako uretatik gertu ari da nabigatzen, eguraldi txarretik babestu nahian, eta lehorreratzeko baimena emango dion herrialderen baten zain.
"Gaua infernua izan da itsasontziko tripulazioarentzat eta erreskatatutako 176 pertsonentzat. Egoera gehiegi ez luzatzea espero dugu", adierazi du Gobernuz Kanpoko erakundeak sare sozialetan.