Gizartea -

Laudio (Araba)

Justiziak kaleratutako bitarteko langile bati arrazoia eman dio, euskara "oso zaila" dela argudiatuta

"Administrazioak euskara munduko hizkuntza zailenen artean bosgarrena dela ahaztu du (are gehiago, zerrenda batzuetan lehen tokian agertzen da)", adierazi du epaileak sententzian.

Laudio (Araba). Irudia: Google Maps
Laudio (Araba). Irudia: Google Maps
Laudio (Araba). Irudia: Google Maps

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanposturako euskara maila lortu ez zuen bitarteko langile bat berriro onartzeko agindua eman dio Gasteizko epaile batek Laudioko (Araba) Udalari, euskal hizkuntza "munduko bosgarren zailena" dela argudiatuta.

"Administrazioak euskara munduko hizkuntza zailenen artean bosgarrena dela ahaztu du (are gehiago, zerrenda batzuetan lehen tokian agertzen da)", azaldu du epaileak sententzian. "Hizkuntza honen zailtasun nagusia gainerako hizkuntzekin inolako loturarik ez duela da, isolaturik garatu delako denboran", erantsi du epaian.

Bitarteko langileak helegitea aurkeztu zuen, Laudioko Udalari behargin finko gisa aitortzea eskatzeko.

Bitarteko funtzionario bezala 2014tik 2020ra lan egin zuen salatzaileak, PL3 edo C1 ez zuelako urriaren 6an kaleratu zuten arte. Langileak PL1 eskuratu zuen soilik.

"Euskara isolaturik garatu da denboran"

Udalak argudiatu duenez, beharginak berak sinatutako baldintzetan jasotzen zen euskara eskaera, eta kaleratzeko aukera baldintza horiek betetzen ez bazituen. Hizkuntza ikasteko 8 ikastaro egin zituen, lanalditik kanpo 1.295 ordu sartuz, baina PL1 bakarrik lortu zuen.

1999ko Europako zuzentarau batek 45 urtez gorako bitarteko langileei hizkuntza maila zehatz batzuk eskatzea eragozten duela gogorarazi du epaileak. Funtzionario finkoei, ostera, hizkuntza maila eskatzeko eragozpenik ez dagoela gaineratu du.

'Pertsona bakoitzari bere jatorrizko hizkuntzaren arabera egiten zaio hizkuntza bat errezago edo zailago'
'Pertsona bakoitzari bere jatorrizko hizkuntzaren arabera egiten zaio hizkuntza bat errezago edo zailago'
'Pertsona bakoitzari bere jatorrizko hizkuntzaren arabera egiten zaio hizkuntza bat errezago edo zailago'

1:25

Epaileak azpimarratu duenez, beharginak atseden eta aisialdi denborako 1.295 ordu euskara ikasteko erabili zituen, baina nahiz eta ahalegina egin, PL1 maila soilik lortu zuen.

Hala ere, sententzian behargin finko gisa aitortzea errefusatu du epaileak, nahiz eta kaleratzea baliogabe utzi eta lanpostura itzultzeko eskubidea onartu.

Gainera, kaleratu zutenetik jaso ez duen soldata berreskuratzeko kalte-ordaina ematea eskatu du epaileak. Sententziari helegitea aurkeztuko diola iragarri du Laudioko Udalak.

Bestalde, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du ez duela ebazpenaren edukia ezagutzen, baina ziurtatu du administrazioetan euskaldunen eta erdal hiztunen eskubideak bermatzen direla eta gogora ekarri du bi hizkuntzak direla ofizialak, euskara eta gaztelera.  

1982an Euskararen Legea onartu zenetik, erakundeek bultzatu duten euskalduntze prozesua "malgua eta adostutakoa" izan dela nabarmendu du. "Hori da gure bidea", erantzun die kazetariei gai honen harira galdetu diotenean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Funtzionarioak Laudio Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aiarako kuadrilla gaur