Gizartea -

aste nagusia 2022

Bilboko Konpartsek jarduera egitaraua bultzatuko dute 2022rako, Aste Nagusiaren gosegarri gisa

Otsailaren amaieran abiatuko da aurtengo egitaraua, inauterietarako antolatutako ekitaldiekin, eta uztailaren 16ra arte (Konpartsakide Eguna) luzatuko dira.

Bilboko 2022ko Aste Nagusiaren aurkezpena. Argazkia: Bilboko Konpartsak
Bilboko 2022ko Aste Nagusiaren aurkezpena. Argazkia: Bilboko Konpartsak
Bilboko 2022ko Aste Nagusiaren aurkezpena. Argazkia: Bilboko Konpartsak

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Konpartsek martxan jarri dute "Nagusia egingo dugu!" ekimena, 2022ko Aste Nagusirako gehigarri eta gosegarri izango diren jardueren egitaraua. Hilabete honen amaieran abiatuko da "jai-urte" hau, inauterietarako antolatutako ekitaldiekin, eta uztailaren 16ra arte (Konpartsakide Eguna) luzatuko dira.

Nerea Matute eta Ioritz Varona Bilboko Konpartsen ordezkariek eman dute ezagutzera kanpaina berria, Bilboko Hika Ateneoan egindako agerraldian.

Hala, hamabost egun barru abiatuko da Bilboko "jai-urtea", azken bi urteotan bizi izandako "ezohiko egoerari buelta emateko".

"Poztasuna, ilusioa eta jaiak berreskuratzeko urtea da hau", esan dutenez. Izan ere, konpartsak iazko irailean hasi ziren aurtengo inauteriak antolatzen.

Kanpainako ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte bilbotar guztiak, eta "elkar-zaintzaren filosofian" oinarritu dira. Hori dela eta, egitarau guztiek "osasun-neurriak errespetatu eta segurtasun kolektiboa bermatuko" dituztela ziurtatu dute.

Uztailaren 16ko Konpartsakide Eguna ospatu ostean, "Bilbo osoa eta unibertso erdia itxaroten dabiltzan Aste Nagusia, urteko ospakizunik nagusiena" ere "benetan nagusia" egingo dutela adierazi dute. "Horretan gabiltza Bilboko Jai Batzorde Mistoaren barruan", bilbotar eta eragile ugarik lagunduta, "ahalik eta egitaraurik osoena eta seguruena osatzeko".

Egutegi "oparoa" iragarri dute datozen hilabeteetarako, eta "gure asmo sendoa da aurtengoa handia, itzela, benetan nagusia izan dadin, bilbotarrek behar eta merezi duten moduan".

Bukatzeko, Matutek eta Varonak nabarmendu dute jaien alde auzoetan egiten den lana: "jai-urte honen oinarrian badira Bilboaldeko herrietako eta auzoetako jaiak, atzean daukaten jai-batzordeen izugarrizko lan pareagabea, eta gutxitan eskertua".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilbo Euskal hiriburuak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Jaiak Koronabirusa