Gizartea -

IKERKETA ABIAN

Urtarrilaren 12tik falta zen Traspinedoko emakumearen (Valladolid) gorpua aurkitu dute

Esther Lopezen desagerketak oihartzun handia izan du komunikabideetan. Hasieran pertsona bat atxilotu zuten baina baita libre utzi ere ondoren. Gaur egun, bi lagun ikertzen ari dira.

Auzitegi mediku zerbitzuetako langileak gorpua jasotzen, larunbat goizean. Argazkia: EFE
Auzitegi mediku zerbitzuetako langileak gorpua jasotzen, larunbat goizean. Argazkia: EFE
Auzitegi mediku zerbitzuetako langileak gorpua jasotzen, larunbat goizean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtarrilaren 12tik desagertuta zegoen Esther Lopez Traspinedoko (Valladolid) 35 urteko emakumearen gorpua aurkitu du larunbat honetan Tuduero industrialdetik "paseoan zebilen" pertsona batek. 10:30 aldera aurkitu du gorpua, herrigunetik hiru bat kilometrora dagoen inguruan.

Virginia Barcones Espainiako Gobernuak Gaztela eta Leonen duen ordezkariak eta Miguel Recio Guardia Zibileko koronelak komunikabideen aurrean azaldu dutenez, hilotza jada arakatutako leku batean agertu da, eta ez zegoen lurperatuta. Horregatik, ez dute baztertzen norbaitek azken orduetan leku horretara eraman izana, baina ez dute horrelakorik baieztatu ere. "Ikerketaren datuak eta autopsiaren emaitzak" izatera itxaron behar dela esan dute eta kasua sekretupean dagoela gogorarazi dute.

Traspinedoko alkateak, Javier Fernandezek, samina adierazi du eta gorpua agertu den tokiarekin "harrituta" dagoela esan du. Izan ere, azken egunetan miatu zutela adierazi du.

Udalak hiru dolu-egun ezarriko ditu gaur arratsaldean bertan edo bihar goizean goiz egingo duen ezohiko bileran. Gainera, bihar eguerdian herriko bizilagunek elkarretaratzea egingo dute udaletxeko plazan, familiari elkartasuna adierazteko eta justizia egin dadila eskatzeko.

24 egun desagertuta

Urtarrilaren 12tik 13rako goizaldean desagertu zen Lopez. Berarekin azkena egon ziren bi lagunek egindako kontaketaren arabera, gau hartan Bartzelona eta Real Madrilen arteko Superkopako partida ikusten egon ziren herriko taberna batean eta ondoren, horietako baten etxera joan ziren parranda egitera. Ondoren, beste toki batera joan ziren, eta amaieran, etxerako bidean, bietako bat autotik jaitsi zen, eta besteak La Maña tabernaren aurrean utzi zuen emakumea 02:30 aldera, bakarrik, berarekin eztabaida izan eta gero. Hortik aurrera ez dago haren berririk.

Hasiera batean, La Mañatk gertu bizi den hirugarren pertsona bat atxilotu zuten desagerketarekin zerikusia zuelakoan baina libre geratu zen bere kontrako probarik aurkitu ez zutelako ez bere etxean ezta autoan ere.

Lopezekin azkena egondako bi lagunak ikertzen ari da egun Guardia Zibila, koartadak egiaztatzeko. Telefono mugikor guztien datuak erabakigarriak izan daitezke ikerketan.

Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak "babes osoa" helarazi dio emakumearen familiari:

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak