Gizartea -
eguraldia
Hodeitsu hasiko da astea, pixkanaka eguzkiari bide emateko
Han-hemenkako zaparradak espero dira aste hasierarako, baina asteartetik aurrera epeltzera joko du.
eitb media
Eguraldi kaxkarra izango dugu aste hasieran, hodeitsua eta han-hemenkako zaparradekin, baina berehala zabalduko zaizkigu ostarteak asteartean, eta epeltzera joko du.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, astelehenean eguraldiak moteltzera egingo du. Kantauri isurialdean zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euri apur bat egingo du, bereziki Kantauri isurialdearen ekialdean. Egunaren amaieran atertzera egingo du. Hegoaldean hodeitza arinagoa izango da, eta hodeiak ostarteekin tartekatuko dira. Mendebal-osagaiko haizea ibiliko da eta tenperatura maximoek berdintsu jarraituko dute, baina minimoek gora egingo dute eta izotza hegoaldeko leku batzuetan bakarrik egingo du, bereziki mendebaldean.
Asteartean giro eguzkitsua bueltatuko da. Oraindik goizaldean eta goizean goiz behe-hodei batzuk izango dira Kantauri isurialdean, baina gerora zeru oskarbia edo ia oskarbia nagusituko da. Goizean behe-lainoa agertuko da barnealdeko toki batzuetan. Haizeak leun joko du ekialdetik, barnealdean hego-ekialdekoa nagusituz, eta tenperatura maximoek gora egingo dute; Kantauri isurialdean 15 ºCra hurbilduko dira. Tenperatura minimoak, berriz, apur bat jaitsi daitezke, eta hegoaldeko lekuren batean izotza egin dezake.
Eguraldiaren inguruko informazio eguneratua izateko, eitb.eus-en ikus dezakezu noiznahi, eta zure argazkiak bidali.